Maiatzaren 3an egingo dute Javier Otxoa Klasika

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 22a, 21:26

Punta Galea Txirrindulari Elkarteak antolatuta, maiatzaren 3an, igandearekin, egingo dute Javier Otxoak izena ematen dion bizikleta zaleentzako lasterketaren 24. edizioa. Ohikoa denez, goizeko 9etan abiatuko dira Fadurako belodromotik, toki berean amaitzeko. Lasterketa Unbetik joango da; Butroe, Maruri, Larrauri, Mungia, Olabarri, Errigoiti, Gernika, Urretxua zeharkatu; eta Gerekizetik berriro bueltatzeko. Bi ibilbide izango dira: bata 121 kilometrotakoa, eta bestea, laburragoa, 95 kilometrotakoa. Martxa amaitzen duten guztiei oparia emango zaie, probaren oroigarri gisa, zenbakia eman eta gero. Gainera, gaur, probaren aurkezpen ekitaldian ezagutzera eman dutenez. Javier Otxoa bera izango da lasterketaren irteeran eta gainontzeko txirrindulariekin Mungiaraino joango da, bertan Bizkaiko Bira Paraolinpikoan parte hartuko baitu. Argazkian, Javier Otxoa.

Punta Galea Txirrindulari Elkarteak antolatutako lasterketa ez da lehiakorra, irekia da, bizikletan ibiltzeko gogoa duten zikloturista guztientzat. Hain zuzen ere, bizikleta zaleen eskubideak aldarrikatzea du helburu. Iñigo Mentxaka Punta Galeako presidenteak berak, txirrindulariek eta zikloturistek errepidean duten segurtasun falta dela eta hedabideei laguntza eskatu die eta “erakunde publikoei dirutza zuzentzen segitzeko istripuak gutxitu aldera”. Javier Otxoa izena ere ez zioten kasualitatez jarri probari. Aipatu laguna gaztetan Punta Galea taldean ibiltzeaz gain, orain zortzi urte Malagan gertatutako istripuan, Rikardok, Javierren anaiak, bizia galdu zuen eta Javier berak zauri larriak jaso zituen. Bizikleta gainean zihoazen biak. Bitartean, Alvaro Gonzalez Getxoko Udaleko Kiroletako zinegotziak, udalerriko kirol taldeek dauzkaten diru arazoez aritu da. Kirola laguntzen segitzeko dei egin die babesleei: “Udaletik eskatzen diet kirola ez ahazteko, krisialdiagatik ez dezaten laguntzak murriztu, geroari begira aukera bikaina baita euren enpresa eta produktuen irudi ona emateko”, aipatu duenez. Kiroletako zinegotziak, azkenik, herritarrak akuilatu nahi izan ditu, maiatzaren 3an, "zikloturismoaren eta bizikletaren jaian parte har dezaten”.

Izenematea

Federazioaren lizentzia ez duten zikloturistek lasterketan hartu ahal izango dute parte “federazioaren eguneko lizentzia” aldez aurretik eskuratuta. Izena ematerakoan lortu ahal izango da. Probaren egun berean egin ahal izango da hori, goizeko 8etatik aurrera, Fadurako pilotalekuan. Gehienez, 500 partaide onartuko dituzte. Buruko babesa, kaskoa alegia, jantzi beharko dute txirrindulariek. Arau hori betetzen ez duenak lasterketatik kanpo geratuko da, antolatzaileek aurreratu dutenez. Izenematea aurretik egiteko epea, berriz, apirilaren 29ra arte egongo da zabalik. Punta Galea elkarteak Algortako Illeta kaleko 10. zenbakian daukan egoitzan egin beharko da hori. Kuota 15 eurokoa da federatuentzat (11 euro aurrez izena eman dutenek) eta 25 eurokoa federatu ez direnentzat (23 euro aurrez izena eman dutenek). Dirua Caja Laboralean zabaldutako kontu korrontean sartu beharko da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun