Athleticen finalerako pantaila bana jarriko dute Algortan eta Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 22a, 22:04

Athleticek eta Bartzelonak Valentzian jokatuko duten Espainiako Errege Koparen finala dela eta, Getxoko Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu maiatzaren 13rako. Jarduerak bi tokitan izango dira aldi berean: Algortako Telletxe eta Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazetan, hain zuzen ere. Besteak beste, partida ikusteko pantailak jarriko dituzte. Euforia hori guztiori zabaldu baino lehen, orain dela hilabete batzuk, Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako jai batzordea jada harremanetan jarri zen Getxoko Udalarekin, Santa Eugenia plazan pantaila erraldoi baten aukera aztertzeko. Astelehenean, berriz, Getxoko PPk udalerriko plaza nagusietan pantaila erraldoiak jartzea eskatu zion Udal Kultura Batzordeari. Josu Loroño Kirol zinegotziaren hitzetan, ordea, Athleticek Sevillaren aurka jokatu zuen finalaurrekoa baino lehenagotik omen daramate lanean Udalean proiektu hau prestatzeko. “Programatutako ekintzak zein handiak diren ikusita igarri leike hau ez dela bat batean otu zaigun gauza bat”, aipatu duenez. Argazkian, Getxoko udaletxea Athleticen koloreekin jantzi zuen Gobernu Taldeak finalaurrekoetan / Urtzi Altube - Ilanda.eu.

Ospakizunak 18:00etan hasiko dira aipatu bi guneetan, fanfarreen musikaz lagunduta. Ordu horretarako haurrentzako tailerrak ere aurreikusita daude. 19:00etatik 20:00etara, berriz, karaokea izango da; eta 20:00etatik 21:30era adin guztientzako berbena. Itxaronaldia baretzeko dastatze berezia antolatu dute toki bakoitzean: 24 arkume erreko dituzte. Partida ikusi ahal izateko pantaila erraldoi bana ipiniko dute bi eremuetan, 6x4 metroko neurrikoak eta bizi izango den data historikoari lotutako zapiak banatuko dituzte herritarren artean; baita Getxoko armarria edukiko duten baloi zurigorri kolorekoak ere. Egun horretarako udal eraikinak ere apainduak izango dira, Sevillaren aurka jokatutako finalaurrekoaren itzuliko partiduan, Udaletxeko balkoi nagusian bandera zurigorria jarri zenean egin zen legez. Tokiko erakundeak herriko bizilagunak animatu dituzte Athleticen bandera leihoetan ipintzera eta jai egun horretan parte hartzera. “Eguna gure Athleticen garaipenarekin amaitzea espero dugu”, aipatu du Josu Loroño Kirol zinegotziak. “Getxo Athleticegaz” izeneko ekimenaren helburua da, Loroñok azaldu duenez, “nahi duten adin guztietako pertsona guztiak udalerritik atera gabe jai giroan partiduarekin disfrutatzea”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun