Getxoko Jazzaldiak omenaldia egingo dio larunbatean Pio Lindegaardi

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 23a, 17:15

Ohi denez, aurten ere omenaldia egingo dio Getxoko Jazzaldiak Pio Lindegaardi, jaialdiaren laguntzaile nagusienetariko bat izan zenari, alegia. Hori dela eta, larunbat honetan, apirilak 25, egungo jazz eszenako saxo-jotzaile ospetsuenetariko bat den James Carter artista iparamerikarraren boskoteak emango du kontzertua. Saioa Areetako Andres Isasi Musika Eskolan izango da, 20:00etan, eta sarrerak 12 eurotan daude salgai. James Carter (1969, Detroit, Michigan), ospe handiko artista da nazioartean, kultur iturri getxoztarren arabera, batez ere abesti batean estilo anitz interpretatzeko duen gaitasuna dela eta. Musika jarduera 11 urte baino ez zuela hasi zuen bere familiaren baitan eta, nerabezaroan, bere trebeziaz ohartu zen Winton Marsalis. Musikari handiak bere boskotean jardutea proposatu zion 1985ean eta, handik hiru urtera Lester Bowieren New York Organ Ensemblearekin elkartu zen. Argazkian, James Carterren boskoteak emango du omenaldi kontzertua.

1991. urtean hainbat proiektu aldizkatzen hasi zen: batetik, Julios Hemphillen eta Tough Youngen mailako artista eta taldeekiko lankidetza eta, bestetik, Europako birak bere laukotearekin. 1993an Japoniako diskoetxe batekin egin zuen debuta eta "J. C. On The Set" albuma kaleratu zuen, jazz modernoan buru-belarri murgildu zela. Horren ondoren honako lan hauek egin zituen Carterrek: "Jurassic Classics" (1995, Dew), "Conversin' with the Elders" (1996, Atlantic) eta "In Carterian Fashion" (1998, Atlantic).

Disko ugari

90eko hamarkadaren amaieran sormenerako gaitasun nekaezina erakutsi zuen saxo-jotzaileak eta musika industria komertzialari aurre egin zion: estudioan grabatutako arrisku handiko bi disko batera kaleratu zituen 2000n, "Chasin' the Gypsy" eta "Layin' in the cut". Horietan bere maisutasuna erakutsi zuen eta bere jarduera osoko konposiziorik indartsuenak bildu zituen. 2003an beste lan batekin itzuli zen: "Gardenias For Lady Day" (Columbia / Sony), Billy Holidayren omenez, eta 2004an "Live At Bakers" zuzeneko diskoa kaleratu zuen. Ia lau urteko atsedenaldia hartu ondoren iaz bere azken albuma grabatu zuen, "Present Tense", hain zuzen ere. Soinu lirikoen eta saxo hirutasunaren (sopranoa, tenorra eta baritonoa) aldeko apustua da diskoa eta, horrezaz gain, pieza batzuetan flauta eta klarinetea jo ditu.

Bere taldearekiko jarduera alde batera utzita, Carterrek hainbat diskotan lan egin du maila handiko artistekin: Cyrus Chestnut, Herbie Hancock, Rodney Whitaker, Regina Carter eta Karri Allyson, besteak beste.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun