Kepa Saratxaga, Urtzi Paul, Zigor Goikoetxea eta Endika Lejarzegi Algorta eta Getxoko gazteen aurka gaur egitekoa zen epaiketa atzeratu egin da. Izan ere, Bizkaiko Lurraldeko Auzitegiko idazkariek onartu dutenez, Endika Lejarzegiri zitazioa ez zioten helarazi eta beraz ez dute Monterrosoko kartzelatik atera eta epaiketara ekarri. Gauzak horrela, bertan behera utzi dute gaurko bista. Hurrengoa, "uztaila aldera" izan daitekeela aurreratu dute. Jendetza bildu da gaur Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegian, lekukoak eta ertzainez gain, akusatuen 80 bat lagun eta senide horiek babestera joan baitira. Ildo horretan, Zigor Goikoetxea preso getxoztarra agurtzeko aukera izan dute bere senideek. Lau gazteei 2002an Getxo udalerrian ospatutako Ibilaldian, txosna bat desmuntatzera joan zirenean erresistentzia egin eta kalteak eragitea leporatzen die Ertzaintzak. Fiskalak 2 urteko espetxe zigorra eta isuna eskatzen die lauei. Argazkian, hainbat ertzain manifestazio bat geldiarazten Algortan.