Iazko abuztuaren 27an, Itzubaltzeta / Romoko X.A.A. 23 urteko mutil gazteari laban batez eraso egin ziola onartu du gaur goizean R.M. izeneko gizonezkoak. Bere abokatuek eta Fiskaltzak Bizkaiko Auzitegietan egindako akordioaren bidez, arratsalde hartan Barrenkale Barrenean egindakoagatik bi urteko espetxe zigorra ezarri diote gaur, auziaren bista publikorik egin gabe. Dena den, litekeena da R.M.-k aipatu zigorra espetxean ez betetzea. Izan ere, defentsako abokatuek azaldu dutenez, epaitegiak erabakitakoa Betetze Batzordearen eskuetan utziko du eta horrek bere bezeroaren nondik norakoak aztertu beharra izango du. Esate baterako, labankadaren egileak desintoxikazio programa batean dagoela agertu du eta horretan jarraitzeko eskaera egin du. Bestalde, aurrekaririk izan ezean bi urteko zigorra bete behar direnen mugan dago. X.A.A.k eskuan jaso zuen labankada bat, arteria bat moztu ziona. Atoan, bere lagunek bizkor ekin eta erasotzailea gelditzea lortu zuten. Lehenengo arreta medikoa Basurtuko ospitalean eman zioten eta handik Gurutzetako ospitalera eraman zuten, ebakuntza egiteko eta nerbio bat erauzteko. Biktima ez zen akusazio partikular gisa azaldu auzian eta Fiskaltzak lekuko gisa deitu zuen. Argazkian, artxiboko irudian, antzeko mozketa bat /
Minusbaby.