Espainiako Gobernuari eskatutako 720.000 euroak itsas hiribilduan haur eskola eraikitzeko erabiliko ditu
Plentziako Udalak. Zerbitzu berria Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoan jarri nahi dute, eraikin berri bat altxatuz. Bada, Madrilgo exekutiboak onartutako tokiko inbertsiorako estatuko fondoak "langabezia arintzeko helburua" ere badaukanez, proiektua agintzen zaion enpresari bertoko biztanleak kontratatzea eskatuko dio tokiko erakundeak. Hala ere, udal iturriek zehaztu dutenez, "Plentziako Uri Udalak interesdunen datuak emango dizkio adjudikaturiko enpresari. Enpresaren erantzukizuna izango da aurkeztutako interesdunen aukeraketa eta kontratazioa, Plentziako Uri Udalak informazioa hartu-eman besterik ezin du egin". Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 25era arte egongo da zabalik. Interesdunek udal webgunean (www.plentzia.org/Informazio Instituzionala/Inprimakiak eta Zerbitzuak) dute eskuragarri eskaera orria. Hori bete eta udaletxean aurkeztu beharko dute hurrengo agiriekin batera: DNIaren fotokopia, INEMen txartelaren fotokopia, Lan Bizitza, eta curriculuma (aukerakoa). Argazkian, Plentziako udaletxea.