Gogoeta saioa egingo du larunbatean ALBEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 23a, 21:57

Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) euskalgintzari eta bertso eskolei buruzko gogoeta-saio bat antolatu du larunbat honetarako Algortako Villamonte kultur etxean. Izan ere, ALBE 1980. urtean sortu zen eta dagoeneko elkarte sano ezaguna da. Sorreratik bertsolaritzaren transmisioaren, sustapenaren eta ikerkuntzaren alde jardun du Uribe Kostan zehar eta batik bat Getxo udalerrian. Egun zeregin horretan jarraitzen du, bertsolaritzaren alde lan eginez, bertsogintza sustatuz, bertsolariak sortuz eta bertsozaleei euren zaletasunaz gozatzeko aukerak emanez. Eta urteak joan eta urteak etorri, datorren urtean 30 urte beteko ditu. Eskolako kideek azaldu dutenez, "urteurrena bera ospakizun handia izanagatik, eskolak egindako ibilbidearen mugarri eta aurrera begirako pausoen abiapuntu bihurtu nahiko" lukete data seinalatua. Hori dela eta, larunbaterako gogoeta-saio irekia antolatu dute, Gotzon Lobera eta Koldo Tapiaren parte hartzearekin. Bitartean, ekimen hori antolatzeaz gain, hainbat kontu izan ditu esku artean ALBEk azken egunotan. "Hitzetik Hortzera"k zabaldutako bertso eskolen arteko txapelketan prestatutako bideoa da nabarmena. Asteburuan ere, lau bertso saiotan izango dira ALBEren neska-mutilak. Argazkian, BBK Sariketaren irabazleak.

Bestalde, asteburuari begira lau hitzordu daukate ALBEko bertsolariek. Arrate Illaro eta Itxaso Paya Hernandorena Sariaren finalean izango dira, Aiherran. Horretaz mintzatu dira gaur Bizkaie!-rekin. Era berean, Jone Uriak Osinalde Sariketako finalean izango da, eta beraz larunbatean abestuko du Gabiriako Osinalde elkartean. Berarekin batera lehiatuko dira Maddalen Arzallus (Abra Sariaren azken txapelduna), Maialen Velarde, Odei Barroso, Miren Amuriza eta Mikel Artola.

Baina larunbateko bertso-sorta bukatzeko, Kultur Leioako auditorium-ean arituko dira, 20:00etatik aurrera, Andoni Egaña, Jon Maia, Fredi Paya eta Uxue Alberdi. Gaiak Aitzol de Castro leioaztarrak jarriko ditu. Bertso saiorako txartela 6 eurotan eskura daiteke.

Hurrengo egunean, berriz, ohiko Kanpomartxoko saioa izango da, 13:00ak aldera. Bertan, Iker Zubeldia, Peru Vidal eta Arkaitz Estiballes arituko dira, Arkaitz Gomezen gaiei erantzuten.

Eta gaur bertan ere, Fredi eta Xabi Payak iaz Uruguain, Argentinan eta Brasilen inprobisatzaileekin izandako bizipen eta gogoetekin osaturiko dokumentala aurkeztu dute Uztaritzen, "Berria"k zabaldu bezala.

Larunbateko gogoeta-saioaren egitaraua:

Euskalgintza mundu globalizatuan

Hizlaria: Gotzon Lobera, Bizkaiko Foru Aldundiko Hizkuntza Politikarako zuzendari ohia eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea.
Ordua: 10:30ean.

Bertso-eskolen erronkak XXI. mendean

Hizlaria: Koldo Tapia, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Idazkari nagusi ohia eta Itzultzailea.
Ordua: 12:00etan.

Hitzaldi bien ondoren eztabaidarako tarte bat egongo da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun