Apika Taldeak "Monda & Lironda" pailazoen ikuskizuna eskainiko du larunbat honetan, apirilak 25, eguerdiko 12etatik aurrera, Barrikako Kultur Etxeko liburutegian, Txintxilandia eraikinean alegia. Horren bitartez, atzo izan zen Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute. Lironda Mondarekin joango da Barrikako liburutegia ezagutzera. Badaki liburutegia liburuz beteta dagoela, horiez gain misterioak ere badaude. Umeen laguntzaz liburuen barruan eta liburutegian dauden misterio batzuk argitzen saiatuko dira. Opariak ere izango dira Liburuaren Eguna ospatzeko. "Monda eta Lironda pailazoen ikuskizunak umorean oinarritzen dira. Haurren dibertsioa dute helburu, hezkuntza-baloreaz ahaztu gabe. Gai anitz lantzen dira: samurtasuna, laguntasuna, laguntza, xalotasuna eta umore ona", tokiko kultur iturriek adierazi dutenez.