Bihar bere egun handia ospatuko dute Itzubaltzetako koadrilek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 24a, 12:30

Azken urteotan egin legez, bihar, larunbata, Koadrila Egunaren IV. edizioa ospatuko dute Itzubaltzeta / Romoko koadrilek. Lagun taldeek Erromo eta Pinuetako Jai Batzordearekin batera antolatutako jaialdian, ohiko itzelezko giroaz gain, makina bat jarduera izango dira. Ekitaldia eguerdian abiatuko da suziri jaurtiketa eta eguneko pregoia direla medio. Ohean gozo, gozo "beste bost minutu" eskatzen dutenek, berriz, ordu erdi beranduago agertzeko aukera izango dute, luntxa eta bertso trikipoteorako prest. Dena den, ziur egon tabernaz taberna ibili beharrean, 15:00etan Santa Eugenia plazan egingo den herri bazkarirako propio agertuko dela baten bat baino gehiago. Txartela 12 eurotan hartu ahal izango dute. Otordua izango da une bakarra indarrak batu eta atsedena izateko. Izan ere, dena batu ostean eta jada ohitura bihurtu den koadrilen argazki ofiziala (18:00etan egingo dute) atera ondoren hasiko da benetako jaialdia. Argazkian, Udagorri koadrilako hainbat kide iazko herri bazkarian.

Arratsaldeko 6:30ean, koadrilen arteko norgehiagoka izango da. Eta ohiturari jarraituz, haserrealdiak ekiditeko koadrila ezberdinetako kideak nahastuko dira lehiatuko diren taldeetan. Arto bilketan eta bestelako jolasetan bi orduz jardun eta gero, herriari bira emango diote gazteek eta jada ez hain gazteak direnek. Ondoren, edo aldi berean, batek daki, DJ Bull-en laguntzaz txikiteorako aukera izango dute DJ poteoren bidetik.

Argi dagoena, zer da: aipatu DJ poteoa Itzubaltzeta gaztetxean amaituko dela, bertan Norte Apatxe hip hop taldearen eta DJ Bull beraren jaialdiak hasi besterik ez duela egingo.

Egitaraua:

- 12:00etan, txupinazoa eta pregoia.
- 12:30ean, luntxa eta bertso trikipoteoa
- 15:00etan, herri bazkaria (aurretik txartela erosi ez duenarentzat 12 euro).
- 18:00etan, koadrilen argazkia.
- 18:30ean, koadrilen arteko jokoak.
- 20:30ean, kalejira; DJ poteo galanta DJ BUll-ekin.
- ...eta gero, jaia Itzubaltzeta gaztetxean, Norte Apatxe eta DJ Bull-ekin.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun