Gaztetxea hustean udaltzainek izandako jarrera salatu du Erandioko Gazte Asanbladak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 24a, 16:02
Erandioko Gazte Asanbladako kideek salatu egin dute atzo gaztetxearen desalojoan Erandioko udaltzainek agertutako "harrokeria" eta "modu txarrak". Atzo gauean Koska irratiko "Koskaberri albistegia"ri egindako adierazpenetan (mp3), gazteek adierazi zuten egunean zehar udaltzainek bi aurpegi oso bestelakoak erakutsi zituztela. Goizean, identifikatu egin zituzten, baina gutxienez tratua zuzena izan zela diote EGAkoek. Arratsaldean, berriz, egun batez gaztetxea izan zen Altzagako Tartanga kaleko 30. zenbakiko lokal publikora hurbildu eta atean zegoen gaztea bultzatuz eta "epailearen agiririk gabe" sartu ziren 10 bat udaltzain. Gazteen arabera, bertan zeudenei okupazioaren erantzukizun guztia sartuko zietela mehatxatu egin zieten tokiko poliziek, une oro "jabeak balira" eta "gu baino gorago egongo balira" bezala ibili zirenak. Gauzak horrela, atzo EGAk egindako bat-bateko asanbladan adostu bezala, gaurko deituta zegoen kalejira bertan behera utzi dute gazteek, eta Gazte Asanbladaren III. urteurrena ospatzeko lanetan jarraituko dute, gogo handiarekin. Hortaz, maiatzaren 2ko hitzordura deitu dute, bertan Udala eta Udaltzaingoari gazteen erantzuna emateko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun