Idazleak azokan
Larunbatean, bertoko egileak egongo dira Liburu Azokan. Euren azken lanak aurkeztuko dituzte eta aleak sinatuko dizkiete bisitariei, 11:00etatik 14:00etara. Aurten honako autore hauek parte hartuko dute: Esther Zorrozua, “A contraluz” liburua aurkeztuko duena; Juan Carlos Martinez, "El rapto de un libro" lanaren egilea; Mikel Martínez argazkilaria, bere azken argazki-albuma aurkeztuko duena ("Getxoko Jaiak, Photoalbum 2008") eta Abraham Amezaga, "Elias Amezaga: Vida y obra", aipatu idazlearen inguruko azterlan autobiografikoa idatzi duena. Halaber, Toti Martinez de Lezea egile ospetsua egongo da Getxoko Liburu Azokan. Horiek baino lehen, eta Kultur Etxeak diseinatutako programatik at, Enrike Lopez EHUko irakasle kaleratua izan zen atzo Liburu Azokan. Lopezek 2006an "5.000 kilometro oinez euskal desobedientziaren alde" liburua argitaratu zuenetik plazaz plaza egin bezala, mahaitxoa jarri eta irakurleekin zuzeneko harremana landu zuen. Atzo, liburua erosteko aukera izan ez zutenek, Eztabaida gune autoritariora jo ahal izango dute, bertan ere salgai jarri baitute.
Horrezaz gain, haurrentzako jarduerak ere izango dira asteburu osoan zehar eta etxoletan eginiko erosketa guztiekin udal akuarioa bisitatzeko gonbidapenak oparituko dira.
Jazza
Arratsaldean, 20:00etan, jazza izango da erabateko protagonista Getxon. Areetako Andres Isasi Musika eskolak Pío Lindegaarden omenezko kontzertua hartuko du. Aurten James Carter (1969, Detroit, Michigan) saxo-jolea ariko da bertan. Ospe handiko artista da nazioartean musikari estatubatuarra, batez ere abesti batean estilo anitz interpretatzeko duen gaitasuna dela eta. Ia lau urteko atsedenaldia hartu ondoren iaz bere azken albuma grabatu zuen, "Present Tense", hain zuzen ere. Soinu lirikoen eta saxo hirutasunaren (sopranoa, tenorra eta baritonoa) aldeko apustua da diskoa eta, horrezaz gain, pieza batzuetan flauta eta klarinetea jo ditu.
Dantza Eguna
Igandean, Nazioarteko Dantza Eguna ospatuko da Algortan. Ospakizun hori dela eta, dantza eskola getxoztarretako ikasleek koreografiak aurkeztuko dituzte Algortako San Nikolas plazan. Ekimena dantza eskolek antolatuta dago, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saila eta Getxoko Kultur Etxearen laguntzaz. Esan bezala, 11:30etik aurrera, Getxoko dantza eskoletako ikasleek zenbait koreografia antzeztuko dituzte. Ikuskizun horretan, dantza garaikidea eta hainbat musika estilo uztartuko dira, jazza eta salsa, besteak beste. Koreografia guztiak ekitaldian parte hartzen duten akademietako irakasleek sortu dituzte.