Deialdira ikasketa ez-unibertsitarioak eskaintzen dituzten ikastetxeak eta guraso elkarteek, ikasle-taldeak, ikasle ohien taldeak eta irakasle taldeak aurkeztu ahal izango dira. Udalak diruz lagunduko dituen jarduerak mota askotakoak izan daitezke, hala nola, eskola-orduz kanpoko jarduerak, sentsibilizazio eta motibazio saioak, irteerak eta jarduera ludikoak, jaiak edo ikasleek argitaratzen dituzten aldizkariak, komikiak, ikus-entzunezko eta abar, beti ere, ikastetxearen eremuan argitaratzen badira. Eskaerak udaletxean, Getxo, Itzubaltzeta / Romo eta Algortako herritarren arretarako bulegoetan, Udaltzaingoaren egoitzan dagoen herritarren arretarako puntuan edo posta arruntez aurkez daitezke.
Bizarra Lepoan
2009an finantzaketa-gastuei aurre egiteko 74.300 euro emango ditu Udalak. Elkarteak orain arte abiatutako ekimenekin segituko du, hau da, Gehi Aisia eta Gehitu Kirolera egitasmoan dinamizazio lanak zehazten eta Bapiruke egitasmoa sendotzen. “Azken horren proiektu berria jarri genuen martxan iaz kanpotik datozenek ere parte har dezaten eta aurten lantzen segituko dugu”, adierazi du gaurko prentsaurrekoan Goizane Miruri bozeramaleak.
Egizu!
Bestalde, Udalak aurten 37.000 euro ipiniko ditu orain arte ohiko diru laguntzen bidez lagundutako Gazte Saltsa: Kirola euskaraz!, Uribe Kostako Irakurtzaleen Txokoa (UKITX) eta "Kliska" informazio orria bezalako egitasmoak sendotzeko eta bestetik, aurreko urteetan izenpetutako hitzarmenetan jasotzen zen Berbalaguna egitasmoan dinamizazio lanak zehaztu eta burutzeko. Rocio Lucesek agertu duenaren arabera, “gure helburua euskara erabiltzeko espazioak sortzea da; motibazioa landu nahi dugu eta ildo horretan Berbalaguna oso arrakastatsua da orain 200 bat lagun baitabiltza 28 taldetan banatuta”.
ALBE
Hirugarrenik, Udalak 30.000 euro jarriko ditu 2009ko bertso ekitaldietarako. Getxon bertsolaritza eta euskara sustatze lanetan ia 30 urte daramatzan Algortako Bertsolari Eskolak honako ekitaldi hauek antolatzeko konpromisoa hartu du: Abra Saria, bertso afaria, Bertsolari Gazteen Eguna, Balkoitik Balkoira, Bertso Jaialdi Mundiala, Bertsoz Jairik Jai, Bihotz Gazte, Bertso ikuskizunak eta Ahobien Gala. “Horiek aurrera eramateko oso garrantzitsua da Udalarekin sinatutako hitzarmena, hemendik hiru urtera bitartean ekitaldiei jarraipena eman ahal izateko segurtasuna ematen digulako”, azaldu du Miren Loizagak.