Eustakio Mendizabal Benito "Txikia"ren ezizena daraman Algortako plazari izendapen hori kentzea eskatuko du Getxoko PPk, astelehenean, apirilak 27, Udalbatzan. Gaur goizean, Marisa Arrue PPren bozeramaileak eta Eduardo Andrade eta Raquel Gonzalez zinegotzi popularrek "Txikia" plazan egindako agerraldian, bide horretan aurkeztu duten mozioaren berri eman dute. Horren arabera, Mendizabali "ETA talde hiltzailearen terrorista" deitzen duen testuan jasotzen dutenez, "Bakeako enparantza" (sic) deituko litzateke Francoren garaiko Espainiako Polizia Nazionalak Mendizabal hil zuen lekua. Arrue pozik agertu da plazaren izena jasotzen zuten errotuluak dagoeneko ez egoteagatik eta eskertu du Dignidad y Justicia elkarte ultraeskuindarrak bide horretan egin duen lan guztia. 2008ko apirilean eta ekainean eskatu zuten horiek plazari izena aldatzea eta azkenean epaitegietara jo zuten.
Pasa den apirilaren 8an agindu zuen Bilboko administrazioarekiko auzi-epaitegiaren 5. Aretoak plakak kentzea eta 19rako, hainbat herritarrek "Txikia" omendu zutenean, Udalak beteta zeukan agindua, nahiz eta helegitea egiteko aukera zuen. Bestalde, horretaz galdetuta, Arruek ez du aintzat hartu "Txikia"k Francoren erregimenaren aurka egindako lana: "Frankismoaren garaian, Francoren aurka borroka zitekeen inor erail gabe, eta horrela borrokatzen zen". Are gehiago, "nik Eustakio Mendizabalen historia irakurri dut eta beste hiltzaile bat baino ez zait iruditu", azaldu du Getxoko PPren buruak: "hiltzaileak diren eta bonbak jartzen dituzten pertsonek kaleren bat izatea anormaltasun bat da".