Ertzaintzak azken ostiralean bildutako guztiak grabatu ditu Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 25a, 20:21

Etxeratek deituta, atzo, hileko azken ostiralarekin, euskal preso eta errefuxiatuen aldeko bederatzi elkarretaratze egin ziren Uribe Kosta eta Erandion. Besteak beste, 40 lagun inguru batu ziren Leioako Boulevardean; 30na herritar Itzubaltzeta / Romon eta Sopelako udaletxe aurrean; beste 28 Berangoko Gudarien plazan; eta 8 Armintzako bus geltokiaren aurrean. Horretaz gain, Erandioko metro geltoki ondoan, Plentziako "Pirulin" eta Urdulizko BBVAren aurrean egon ziren kontzentrazioak. Algortako elkarretaratzeari dagokionez, Ertzaintzak bideoan grabatu zituen Telletxen bildutako herritar guztiak, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoran salatu duenez. "Metroko plazan liburu azoka zegoenez, Telletxen, albo batera biltzen joan ziren, herriko presoen argazkiekin eta ikurrinekin, kontzentrazioan parte hartu zuten 110 lagunek. Bertaratu orduko Ertzaintzaren lau patruila zeuden ondoko errepidean. Eta ezer esan gabe burua estalitako ertzain bat jende guztia banan banan bideoz grabatzen pasatu zen bildutakoen aurretik, txanodun beste ertzain batek argazkiak egiten zituen bitartean, inguruan zeuden burua estalitako beste ertzainen zaintzapean", azaldu errepresioaren kontrako mugimenduak. Argazkian, ertzain bat grabatzen beste biren zaintzapean / Etengabe.

Jendeak jarrera hori aurpegiratu zietenean, "azalpenak eskatzeko komisariara jotzeko" esan zien ertzaintzaren buru zegoen txanodunak, AAMk aipatu duenez. Denak bideoz grabatuta, ertzainak urrundu eta patruiletara erretiratu egin ziren eta kontzentrazioa amaitu orduko, bertatik alde egin zuten, bildutakoen “alde hemendik, utzi bakean” oihuen artean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun