Ongi etorria egin diete Ladislao, Egurrola eta Zubiagari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 25a, 22:22

Gaur eguerdian, dozenaka lagunek ongi etorri beroa eskaini diete, Algortako San Nikolas plazan, Amets Ladislao, Ibai Egurrola eta Eli Zubiaga preso ohiei. Txalaparta doinuak, bertsoak (mp3), aurreskua, lore sortak, txapelak eta musu eta besarkadak tartean, Zubiagak eman die eskerrak hiruren izenean (mp3) bertan bildutako herritarrei. Eskerrik beroenak, baina, espetxe barruan jarraitzen dutenei eman die algortarrak, Euskal Preso Politikoen Kolektiboari (EPPK) omenaldia eginez. PSOEk orain dela 20 urte martxan jarritako sakabanaketa politikak eragindako "sufrimendu handia" gogora ekarri du Zubiagak. Espetxeetan hildako 22 presoak, istripuetan hildako 16 senide eta lagunak eta guztira senide eta lagunek bidaietan izandako 300 istripuak horren adibide. Hala ere, aipatu duenez, "politika hiltzaile horrek ez ditu bere helburuak lortu eta ez ditu lortuko, kolektibo bat aurrez aurre daukatelako, bai kartzela barruan, bai kanpoan". Ildo berean, espetxe barruan "kolektiboa suntsitu" nahi izateaz gain, Espainiako Gobernuak kartzelatik kanpoko elkartasunarekin amaitu nahi duela salatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (mp3). Besteak beste, joan zen asteazkenean, presoen argazkiak kendu zituen Algortan Ertzaintzak, Dispertsioaren Aurkako Bira heltzear zela. Atzo, berriz, Telletxen azken ostiraleko elkarretaratzean bildutakoak bideokameraz grabatu zituzten. Hori dela eta, "inoiz baino gehiago, presoen argazkiak kalean egon behar direla" adierazi du AAMren eledunak. "Argazkiekin ez bada ikurrekin, edonoiz eta edonon", gaineratu duenez. Argazkian, Zubiaga hitzegiten, atzean Ladislao eta Egurrola dituela. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren ordezkariak "salbuespen egoeraren" salaketa egin du, EPPKko kideek pairatzen duten egoerarengatik agertu zuela kezka berezia. Lehenik eta behin, preso gaixoekin darabilten "xantaia" gaitzetsi du, Anjel Figueroa, etxean baino preso dagoena, gogoratuz. Ondoren, zigorra beteta duten presoak ere askatzea eskatu du, tartean, Jon Bilbao Asuako auzokidea, espetxean 26 urte baino gehiago daramatzana. Era beran, preso ohien aurka zabaltzen ari diren zigorrak kritikatu ditu AAMk. "Presoak konponbide demokratikoaren zati" direla gogoratu du errepresioaren kontrako mugimenduaren eledunak. Horregatik jokatzen dute horrela Madrilen, AAMk hitzetan, "konponbidearekin eurek galdu eta herri honek irabazi egiten duelako". Hala ere, ez dira horiek guztiak hitz bakarrak izan. Paul Asensio, Zigor Goikoetxea eta Lander Labajo presoek espetxetik helarazitako gutunak (mp3) ere izan dituzte entzungai ongi etorrira batutakoek. Musikak ere bere lekua izan du ekitaldian. Batetik, Eneko abeslariak Hertzainak taldearen "Not time for love" (mp3) kantatu du eta Gorrondatxe abesbatzak (mp3) berea egin du ongi etorriari amaiera emateko. Hori bukatuta, "eusko Gudariak" abestu eta manifestazioan abiatu dira guztiak, Algortako kaleetan barrena, Getxoko udaltzainen autoa aurretik zihoala. Orduan agertu da lehendabizikoz eta azkenekoz Ertzaintza. Algorta Etorbideko gasolindegi parean zegoen furgoneta “alde hemendik, utzi bakean” oihuez agurtu dute manifestazioan zihoazenek. Hala ere, lasaitasunez jarraitu du denak. Egunari bazkari batekin eman diote bukaera.

Orain hilabete kalean

Amets Ladislao eta Ibai Egurrola pasa den martxoaren 24an askatu zituzten, 18.000 euroko fidantza ordainduta. Aurretik, 2008ko abenduaren 8an atxilotu zituen Irunen Guardia Zibilak, Aitor Artetxe ustezko ETAko kideari ihes egiten lagundu izana egotzita. Berarekin batera, Jabier Gutierrez "Guti" leioaztarra hartu zuten atxilo. Operazio horretan Guardia Zibilak bi egun geroago atxilotutako Marimertxe Alcocer algortarrak eta Maribel Prieto berangoztarrak bezalaxe, "bortizki torturatuak" izan zirela salatu zuten hirurek. Egun, guztiak kalean daude. Eli Zubiagari dagokionez, urtarrilaren 23an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, D3Mren aurkako operazioan. Egun horretan, Iker Rodrigo lutxanarra, Arantza Urkaregi Leioa eta Erandioko campuseko irakaslea eta beste bost lagun atzeman zituen Poliziak. Zortziak orain hilabete bat atera ziren kartzelatik: Zubiaga, Ladislao eta Egurrola askatu eta hurrengo egunean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun