![](http://www.ukberri.net/berrirudi/atxiloketa.jpg)
Ertzaintzak 25 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Areetan, pizza banatzaile bati lapurreta egitea egotzita. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, gaueko hamabiak laurden gutxi aldera, pizza banatzaile batek Gobela kaletik zihoan Ertzaintzaren patruila bati laguntza eskatu zion, dirua eta pizzak ostu berri omen zizkiotelako. Biktimak azaldu zienez, pizzak eskatu zizkioten tokira bertaratu zenean, gizon bat berarengana hurbildu zen eta janaria eta dirua ostu zizkion, mehatxu eginez. Lapurrak Bizkaiko Zubirantz ihes egin zuenez, biktimak atzetik jarraitu zion eta toki horretatik gertu zegoen patruila bat ohartarazi zuen. Ertzainek Bizkaiko Zubiraino joan ziren banatzailearekin batera eta, bertan, susmagarria aurkitu zuten, ostutakoa zeramala. Agenteek ustezko lapurra atxilotu zuten; gainera, gazte horrek polizia aurrekari ugari ditu eta, gertakaria jazo zen unean, espetxe-baimen bat zeukan, polizia iturrien arabera.