Iñaki Etxebarria iheslari algortarra atxilotu dute Venezuelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 26a, 17:48

Iñaki Etxebarria Landaluzek (Algorta, 1956) berak Venezuelatik bere etxekoei egindako telefono deiaz jakin da asteartetik atxilotuta dagoela, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bitartez jakinarazi duenez. Iheslari politikoak esan duenez, hasiera batean berehala espainaratuko zutela uste bazuen ere, dagoeneko estradizio prozesu judizialari ekin diotenez denbora hartuko du horrek guztiak. Bitartean, Etxebarria atxilotuta dago eta bertako lagunen bisitak ere izan ditu atxiloketa zentroan. Albiste agentziek diotenez, Interpoleko agenteek San Diegon (Carabobo, Venezuela) atxilotu dute algortarra, Espainiako eta Venezuelako polizien elkarlanen ondorioz. Iturri horien arabera, Fiskaltzaren menpean jarri dute estradizio prozesua abiarazteko. Argazkian, Aitor Elortza Unanue iheslari politiko algortarraren heriotzaren hirugarren urteurrenean, Algortan bertan egindako ekitaldiaren irudia.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak azaldu duenez, Inaki Etxebarria 1981eko abuztuan atxilotu zuten Lemoizko zentral nuklearraren aurkako kanpainan Iberdueroko zentral baten kontrako ekintza burutzera zihoala eta 1987ko apirilean kaleratu zen Herrera de la Mantxako espetxetik. 1994an alde egin zuen Algortatik, poliziaren atxiloketa ekiditeko, eta harrez gero ihesean egon da.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren salaketa:

AAMtik gogor salatu nahi dugu euskal iheslari politiko honen atxiloketa eta Iñakiren berehalako askatasuna eskatzen dugu. Euskal iheslari politikoen aurkako jazarpenak aste honetan utzi digun bigarren atxiloketa da Iñakirena, Momentu honetan gure babesa adierazi nahi diegu munduan zehar barreiatuak dauden euskal iheslari politikoei.

Espainiar gobernuak euskal independentismoaren aurka abian duen sorgin-ehizak muga geografiko jakinik ez duela agerian gelditu da. Zentzu honetan Venezuelako gobernuari eskatu nahi diogu ez dezala bat egin euskal iheslarien aurkako errepresioarekin. Espainiar gobernuak tortura eta mota guztietako errepresio bideak erabiltzen ditu euskal herritarrak, eta horren ondorioa da ehunaka euskal herritarrek ihes egin behar izana. Beraz, euskal iheslarien aurka dabiltzan gobernuak honen jakitun izan daitezela ohartarazi nahi dugu.

Espainiar gobernua munduko estatuekin bultzatzen ari den aliantza errepresiboaren aurrean bestelako jarrera bat eskatu nahi genioke nazioarteko komunitateari. Alegia, bultza dezatela konponbide demokratiko bat Euskal Herrian bide errepresiboekin bat egin ordez.

Euskal iheslari politikoek Euskal Herrian libre bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzen dugu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun