EPPK: "Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren agiria"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 26a, 18:02

Euskal preso politikooi sakabanaketa aplikatzen hasi zirenetik 20 urte igaro direnean EPPKak gogoeta egin eta konpartitu nahi du euskal herritarrekin: Frantziak eta Espainiak euren proiektu politikoa inposatzen dute Euskal Herrian. Helburu horrekin errepresio bide guztiak baliatzen jarraitzen dute: ilegalizazioak, arrestatzeak, torturak, auziperatzeak, kondenak, eta abar… Euskal herritarren atxiloketa eta espetxeratzeak ez du etenik. Hain da jazarpena hedatua, salbuespen egoerak, herritar konprometitu oro espetxe atarian ezartzen duela. Argazkian, pasa den asteazkenean Algortan burututako dispertsioaren aurkako ekitaldiaren irudi bat.

Gertaera kezkagarri bezain adierazgarria, gure herriko lurralde zati bateko hauteskundeetan ikusi dugu berriki. Ilegalizazioekin hasitako bidetik hauteskundeetan parte hartzeko asmoa bera debekatzeraino iritsi dira, jazarpen izugarria eraginez. Ikuskizun lotsagarria edonondik begiratuta. Helburu politiko garbiaz eman dute urratsa, bitartekari autonomistarik gabe gobernatzeko egitasmoa indarrean eta indarrez jartzeko. Espetxeko patioan ezagutu ditugu hautes lehia ez demokratiko eta faltsutuan parte hartu nahi izan duten lagunak. Kezka handiz dakusagu bestalde, apartheida ez ikusi eta normaltasun itxuraz hautes kanpainan ibili den ororen jarduna, salbuespenik ez baita izan, tamalez. Lortutako eserlekuak bozkarioz ospatu dituztenek ez dute astirik izan putxerazoan erreparatzeko. Etikaz mintzo dira gero… Oztopo, tranpa, beldur, zikinkeria eta ustelkeria guztiaren gainetik bozka inportanteak izan dira benetako aldaketa demokratikoaren alde emandakoak. Emaitza ofizialetan enoratuak izan diren horiek kopuruz nahiz kalitatez duintasun eta indarra nahikoa bai baitute bide berriak ireki eta eraikitzeko.

Euskal presoon sakabanaketaren sortzaile den PSE-PSOE, presoon kontrako eskubide urraketa ororen sustatzaile PPren laguntzaz, hor da Ajuria Eneko Jauregiaren atarian. Orain goraldia bizi izanagatik ere, errealitatea hortxe dute parez pare, gatazka politikoa bere gordintasunean irekita. Harrokeriak ez ditzala sobera itsutu.

Ez dezatela bestalde inor nahasi jeltzaleek orain, botere gunea sudur puntatik nola kendu dioten inpotentzia eta amorruz dakusatenek. Ez ote ditu PNVk «gobernatzeko paktuak» egin han eta hemen alderdi politiko biokin, jite "paktista" oinarri? Ez ote da Ajuria Eneko bandera, parlamentuko bertsua? Ez ote du euskal preso politikoon sakabanaketan funtsezko papera izan? Ez ote du independentismoa errepresio basaz erasotu leporaino armatutako bere zipaioen bidez, Espainiako epaileen aginduz batzuetan eta bere iniziatiba propioz beste askotan? Orain esker oneko ez izatea, beste kontu bat da. Jarriko diote amua bai bazterragoko posizio ahulago batetik Estatutua erreformatzeko egitasmoan parte aktibo izan dadin, iruzurra labelarekin gauzatzeko.

Ezagunak zaizkigu batzuen eta bestetzuen hitzak eta ekintzak. Horra irekitzen den garaia: aldaketa politiko sakonerako bidea zabalik da, baina iruzur politikoa berritzeko saiakera ere bai. Ez dugu dudarik, borrokatuz, urratsez urrats, 30 urtetan makurkerian ibili denaren alternatiba politikoa osatuko dela, eta iruzurrari ateak itxiko dizkiogula. Hori da presoon hautua.

Sakabanaketa: zigor erantsia

Testuinguru honen guztiaren baitan gaude gu ere, sakabanaketa politikoaren eraginez Espainiako eta Frantziako espetxeetan barreiaturik gaituzten euskal herritarrak, egun 746 lagunez osaturiko Kolektiboa. Ez dute aski espetxeratzearekin, gatibu hartzearekin. Urte asko dira euskal preso politikoak Euskal Herritik urruntzen hasi zirela. Urrundu, sakabanatu, isolatu eta bakartzen. Espetxe berezietan bildu ere bai, hastapen haietan, Herrerako Guantanamo laborategian. Tratamendu nola jazarpen bereiztua jasan behar izan dugu "politika antiterrorista" deiturikoaren baitan garatu duten espetxe politika. 1989an helburu eta praktika orokortuarekin martxan jarri zuten Espainiako agintariek euskal preso politikoen kontrako sakabanaketa, esan dugunez, PNVko arduradunen laguntza eta babes erabakigarriarekin. 20 urtez jo ta su aritu zaizkigu Kolektiboa apurtzeko saiakeran, presoa suntsitu eta amore eman dezan ahalegin miserablean. Espainian bezalatsu Frantzian gertatu da. Espetxe berriak ezagutzean, gure eskubideak etengabe borrokatzera eraman gaitu. Eta eskubide horiek tokian tokiko epaitegiek onartu dizkigutenean sortu dituzte Epaitegi Zentralak, eskubide horiek ukatzeko berme gisa. Zer ez dugun ikusi, ezagutu eta sufritu urte guztiotan, gure azalean eta gure senitarteko eta lagunen azaletan.

Sakabanaketa, urruntasuna da bai, distantzia, kilometroak. Errepide eta auto istripuak (20, 2008an). Xahutze ekonomikoa. Baina bada deportazioa. Badu berekin deserri asmoa. Sakabanaketak, oinarrizko eskubideen urraketa etengabea dakar berarekin, debeku eta zigorrak, isolamendu eta zigor ziegak. Ezin euskaraz bizi, ezin euskaraz ikasi. Barneko nahiz kanpokoekin komunikatzeko oztopoak, arau murriztaile zahar-berrien bidezko bisita eta deien mugapenak. Osasun asistentzia ezaren xantaia. Sakabanaketa, egonkortasun eza da, estresa. Jipoiak eta erasoak (8 eraso, 2008an). Mehatxuak. Ziega eta batimendu aldaketa amaigabea. Espetxe aldaketa politika iraunkorra (2008an, 435 trasladoetatik 300 inguru, destino aldaketa arbitrarioak izan dira). Baina, sakabanaketak babesgabetasuna ere esan nahi du, eskubide urraketa horiek eman daitezen inpunitatea eskaintzen baitu, erasoari nola erasotzaileari, finean antolatua den sistemari. Gero estali egiten baita, isiltzen, intoxikatu eta manipulatzen ez denean. Gerra zikina da finean.

Sakabanaketa zigor erantsia da, preso eta haren ingurunearentzat. Inongo tribunalek ebatzi gabeko zigorra eta agintari politiko frantses nahiz espainolek exekutatzen jarraitzen dutena. Zigor gehigarri honek presooi ez ezik euskal gizartearen eremu zabal bati eragiten dio, hautu politiko zehatz batetik haragoko eremuari.

Espetxe politikak eta sakabanaketak ondorio lazgarriak ekarri dizkigu. Latzenak, haren eraginez izan ditugun heriotzak dira. 37 heriotza, preso eta senide-lagunen artean. Horra datu hotz eta krudela. Heriotza planifikatuak dira eta beraz, politika kriminalaz mintzatu behar dugu. Ez da kasualitaterik, ez da patu konturik. Borondate garbia dago, eta erabaki politikoa ere bai. Hildako guztiak ez dira ordea berdinak. Errazegi isilarazten dira zenbaki hauek, errazegi ahantzarazten. Izen abizenak badituzte baina, senide eta ingurune soziala badute. Denbora, lana, osasuna, dirua eta bizia galtzeraino asko dira euren egunerokoa utzi eta bisitetara presook ikus eta gurekin solastatzera etortzen direnak, presoon egoera zuzenean ezagutzera datozenak, malko edota irrien artean gure herrietako berriak dakarzkigutenak, gure bihotz taupadak sendotu eta birikak arnas garbiz betetzera datozkigunak. Nonahi egon eta zernahi gertatuta ere. Horiei guztiei gure miresmena. Eta nola ez, sakabanaketa eta espetxe politikaren eraginez bidean geratu diren guztiei gorazarre egin nahi diegu lerro xume hauetatik. Haien hautua ez baita alferrik galduko!

Porrot politikoa

20 urteotan aurre egin diogu sakabanaketari. 80ko hamarkadan damutze politika kriminalak porrot egin ondoren abiatutako sakabanaketa politikak ere porrot egin du. Barrutik eta kanpotik eraginez, porrot politikora eraman baitugu gobernu ezberdinen Estatu egitasmoa. Izan ere, espetxe politikaren eta zehazki sakabanaketaren helburua EPPK apurtzea izan baita, suntsitzea, zatitzea. EPPK-k espetxeetako errealitate gordinari aurre egin dio, antolakuntza erakutsi du, eta ekimen nola eragiteko gaitasuna ere bai. Ez dute Kolektiboa indargabetzea lortu, batasuna eta dinamika kolektiboa izan dira ezaugarri nagusiak bi hamarkadotan.

EPPK erreferentzia politiko saihestezina bilakatu da, borroka erresistentziaren eredu, erreferente politiko garbi eta konpromiso eta duintasunaren argi. Ez dute lortu gure kontrako zanpaketarekin nazio askapen mugimendua baldintzatzea. Ez dute lortu presoak manipulatzea, baliatzea, erabiltzea askatasunaren aldeko borroka xantaiatzeko. Gure zilborrari so begira baino, herri honen interesei so gauzkate eta, urteak joan urteak etorri, espetxera eraman gintuen konpromiso politikoak zutik eta osasuntsu dirauelako.

Etsipena hedatu nahi dute, etsipenez eragin. Ziega zulo beltzean nahiko lukete gure begirada makurrarazi. Aitzitik, azken urteotan bezala, azken hilabeteetan ere etengabeko borroka dinamiketan murgildu gara, kideen isolamendu eta bakartasuna aldarazteko edota gure oinarrizko eskubideak errespetaraziak izateko. 2005ean abiatu genuen dinamika iraunkorra preso politikoon Estatus Politikoa errespeta diezaguten. Gure borroka gainera Euskal Herriaren borroka da. Sinesten dugu gure Herrian. Gure herriarentzat marko demokratikoa erdietsiko dugu, sasi eta hesi guztien artetik. Hartarainoko prozesuan parte aktiboa izan nahi dugu eta izan behar dugu, azken urteotan esan dugun bezala, hura helmugara iritsiko bada. Ez dago etsipenerako tarterik. Bidea ilundu nahi digute, ekintzez eta diskurtsoz. Bada argi eta indar nahikoa euskal gizartean estatuen harresi inposatzaile eta zanpaketen murrua hausteko, zartatzeko, sakabanaketa indargabetu dugun bezala. Metatua dago indarra, gutxien espero dugunean argitara azalduko da. Guk egunero espetxeetatik gure ekarpen xumea egiten diogu askapen borroka orokorrari.

Sakabanaketaren helburu politikoak ezereztu ditugun arren, haren ondorioak egunero pairatzen ditugu, indarrean baita egun. Hor dira berekin, ardurak eta arduradunak ere bai, izen eta abizen aski ezagunak gure gogoeta borobiltzeko.

Gogoan izan behar baita, ondorio kriminalak izan dituela politika honek, krimenak burutu direla euskal herritarren kontra, presoak kasu honetan. Politika deliberatua izan da eta delibero horiek politikari zehatz batzuek hartu dituzte garai bakoitzean, eskuin faxistetatik hasi eta ezker usteletaraino. Moralaz eta etikaz ikasgaiak eman nahi dituzten horiek. Demokraziaz eta libertateaz. 37 heriotza auzibide penalik gabe, inor auzipetu eta kondenatu gabe. Zigorgabe.

Zein legetan diote oinarritzen dutela sakabanaketa? Eskubide urraketen arduradunak, izan funtzionario, zuzendari, ala ministro. Espainol zein frantses. Horien artean PNVko arduradunak. Diskurtsoa moldatu beharraz harago, izan baitu eta aukerarik, sakabanaketarekin loturak eteteko, berau guztiz indargabetzen laguntzeko. Arzalluz, Egibar, Azkarraga eta abarren hitzak gogoz jasotzen ditugu orain. Baina hitzak hitz, ez dugu norabide horretan urratsik ikusi, eta ardura atxiki dute ustez emankorrago zaielakoan. Baina kontuak eskatzeko unea helduko da, zigorgabetasunak badu eta mugarik.

Urteotako setakeria: biziarteko zigorra

Espainiar agintariek espetxe politikari eman dioten norabide errepresiboa nabarmena izan da. Sakabanaketa nahikoa ez eta bere porrotaren erakusle, egitasmo berriak jarri dituzte martxan azken urteotan. Esanguratsuena bere larriagatik, biziarteko espetxealdia indarrean jartzea izan da. Aldez eta moldez, Zigor Penalaren kunplimendu osoaren ideia praktikan jarri dute, ezker-eskuin guztien asetasunerako. Orain arteko haien lege, jurisprudentzia eta doktrinak auzitan jarri behar izan badituzte ere. Helburuak bitartekoak justifikatu ditu. Espetxe politikaren balantzea egiterakoan jasangaitza zaie esku hutsik agertzea, porrota urrats berriekin ezkutatu nahi dute, ildo errepresiboa beti emankor zaielakoan.

Frantzian aitortua eta indarrean, Espainian biziarteko zigorra, dela 40 urte arteko zigorra, dela Auzitegi Goreneko doktrinarekin 30 urte arte luzatutakoa, sakabanaketari gehitu zaion errealitatea dugu. Biziarteko zigorra eta heriotza zigorra eskuz esku ditugu. Izan ere, bizi osorako inposatzen ari diren espetxealdiari, preso gaixoak espetxean atxikiz aplikatzen zaien heriotza zigorra gehitu behar baitiogu.

Nabarmendu nahiko genuke bere unean ezarritako kondenak amaituta espetxean atxikitzen dituzten lagunen egoera. Auzitegi Goren espainolaren irizpide berri bat betearaziz bahituak dituzten 34 lagunen egoera, tantaka eta modu lotsagabe eta ezin krudelagoan kondenak amaituta izanik ere bahituta dituzte.

Biziarteko zigorra legeztatzearen kontrako adierazpenak entzun ditugu han hemenka komunikabideetan zinismo erakustaldia eginez, Konstituzio espainolaren kontrako omen baita. Zer ote dira ba neurri guzti horiek «de facto»? Erreferentzia minimorik ba ote dute politikari ustel horiek jakiteko 20 urtez gatibu izatea zer izan daitekeen? Eta denbora bikoitzean, 40 urtez? Jakin badakite. Giza degradazioak ez ote du mugarik…

Ezin aipagabe utzi, espetxealdia ondorenerako ezarri asmo duten proiektua, Frantzian bezalatsu, beste 20 urte arteko jazarpenarekin. Espetxe politikaren olagarro besoak urrunsko luzatu nahi dituzte. Hain urrun, Espainiako Botere Judizialari exekutiboa urrunegi joan dela iruditu zaiola, egindako zuzenketak ikusita. Larriena bide hori jorratzen hasiak direla jadanik, preso askatu berriari elkartasun ongi etorriak debekatzearen segida errepresibo natural moduan.

Preso orok, nazioarteko edozein ordenamendutan, nonahi, askatasunerako eskubidea du, biziarteko zigorra ezarrita ere. Espainiak ukatu egiten du. Ezabatu dute, inoperante bilakatu. Ez erredentzio, ez kondizional, 40 edo 30 urtetako gatibualdia eta aske garenerako beste 20 urte kontrol judizialean. Itsukeria errepresiboak ez du mugarik, dakuskegunez.

Osotasun errepresiboaren elementuak dira hauek, etsi dezagun helburu. Perspektiba motzeko jokaldi errepresibo miserable bat domina gisara hartzeko tentazioz ote dabiltza? Harrokeriaz, zanpatzaile senaz, gatazka beste 40 urtez luzatu ahal dutela erakutsi nahi ote dute? Sakabanaketa mantendu beste 20 urtez? Izan ere, azken negoziaketa prozesuan jarri baitzituzten martxan aipatutako neurriok, gerora etorriko zen haustura iragarri zigutenak.

Azken mugimenduak

Euskal presoon kontrako jazarpena, errepresio estrategiaren lehen lerrora eraman nahiko balute bezala ari dira. Arestian aipatu dugun ongarri errepresibo guztia nahasiz, uzta politiko bila omen dabiltza.

Espetxe aldaketak intentsifikatu dira azkenaldian. Horietako batzuei garrantzia berezia eman diete, hain zuzen Zuera, Villabona eta Puertora egindakoak. Ministeritzan talde berezi bat osatu dute presoon jarraipena egiteko, funtzionarioez gain guardia zibil eta polizia nazionalez osatua, aski ezagunak bestalde. Presooi neurria hartzen ari omen dira, horretarako espioitza lanetan bete-betean ari dira, miaketa eta entzuketa zorrotzak egiten, geratzen zaigun intimitate apurra bortxatzen. Guzti honi, propaganda mediatikoa gehitu diote. Gobernu espainolak makinaria propagandistikoa martxan jarri du ideologikoki eragin asmoz. Komunikabideak ditu zeregin horretarako lagun, manipulazio eta toxikazio informatiboei dimentsio politikoa emanez. Gure babesa eta konfiantza adierazi nahi diegu harat eta honat dantzan ibili dituzten Kolektiboko kide orori.

Espetxe politikaren gogortze kontestuan, irteera ilun eta urrun dela barnera dezagun nahi dute, etsi dezagun eta gure etsipena trasmititu dezagun. Sakabanaketa areagotuz, biziarteko zigorra inposatuz presoak erabili nahi gaituzte etekin politikoak lortzeko. Ez da hau presoon gogoeta soila, argi mintzatu izan baitira lehen eta garbiago orain arduradun espainolak publikoki. Negoziaketa prozesuaren kontestuan hor aritu ziren PSOEkoak PPkoen espetxe politika egurtzen, ahul eta arina izan zelakoan, nork zer gehiago eta larriago egin zuen bere gain hartuz. "Demokraziaren Kode Penal gogorrena" bere gain hartuz.

Rubalcaba mintzatu zaigu garden. Garden bezain lotsagabe. Espetxe politika, politika antiterroristaren parte dela aitortu du. ETAren kontra borrokatzeko presoen egoera gobernu guztiek erabili dutela aitortu du. Sakabanaketa neurri antiterrorista dela. Politika penitentzioarioa Estatu politika, politika antiterroristaren baliabide bat gehiago. Espetxe aldaketek, hurbiltzeak eta urruntzeak, estrategia horri erantzuten diotela. Zigor eta sariaren jokoa direla, zintzo-gaizto, gogor-bigun. Egurra eta azenarioaren joko zahar berria.

Eskertzekoa da hain garden mintzatu izana. Erantzukizun politiko eta penalen autoinkulpazioa baitira. Segur gara, ez dituela 80 urte zoriontsu egingo, ez dira alferrik zakar ontzira eroriko ministro espainolaren hitzak. Nazioarteko komunitatearen begietara ez dira debalde izango. Hitz horiei darien harrokeriak bestalde, ehortziko du politikoa. Aukera izan du berak ere, gerra zikinaren gorabeherak hain gertu izan dituenak, airoski agertzeko, baina bere maila politiko ezak, kualitate demokratiko eskasak ministro frankista grisen pareko utzi du.

Porrota besterik ez dute izango saiakera ustel berriokin. Jakin behar dute, Euskal Herriarekiko konpromisoak lotzen gaituela, demokrazia eta askatasun egarriak, eta ez besterik. Hori da ulertzen ez dutena.

Espainiako eta Frantziako Gobernuei deia

Espetxe politika enfrentamenduaren parametroetatik atera eta urratsak norabide demokratikoetan eman ditzatela dei egiten diegu. Politika antiterroristaren baitan eraiki eta elikatutako Guantanamo judizial-penitentziarioa alboratu dezatela. Guantanamo espainol eta frantsesa itxi dezatela.

Eskubide urraketen iturri eta oinarri duten sakabanaketa politikoa indargabetu dezatela. Euskal Preso politikoen eskubideak errespetatu eta Euskal Herriratu gaitzatela. Gaixo larri batzuk askatzeko urratsari segida eman diezaiotela guztiak kaleratu arte, biziarteko zigorra indargabetu eta Auzitegi Goren espainolaren doktrinapean diren kide bahituak berehala askatu ditzatela, isolamendua eta bakartasuna amaitu dezatela. Politikari eta ministro harro eta egozentrikoen gainetik, zentzuzko bideari ekin diezaiotela, itxikeria, harrokeria eta itsukeria baztertuz espetxeetan duten errealitateari prisma politiko demokratiko hutsetik aurre egin diezaiotela. Kontrakoa mingarri izan daiteke baina politikoki antzu, dagokiguna aldarrikatzen eta borrokatzen jarraituko dugu eta, Euskal Herriarekin batera amnistia lortu arte.

Euskal gizartearen borondatea zein den ozen esan eta argi erakutsi da, sakabanaketa amaitu eta euskal preso politiko guztiak gure eskubideen jabe Euskal Herrian izatea. Hor dute espetxe politikari euskal gizarteak emandako erantzuna.

Azkenik, espetxeetan ate joka ibili eta fruitu ustelak eskaintzeari utz diezaiotela. Damuketa helburu, onura penitentzioario merkeak alboratu ditzatela. Presookin kezka badute, EPPKren bozeramaile eta mintzaideengana jo dezatela.

Euskal gizarteari deia

Porrot politikoa jaso dute bai, baina sakabanaketa eta bere ondorioak ezabatu egin behar ditugu guztion artean, euskal preso politikoon eskubideak errespetaraziz. Euskal gizartearen babes eta bultzadarekin neutralizatu da sakabanaketa, eta bultzada hori biderkatu egin behar da bera amaitzeko.

Urte hasierako Bilboko aspaldiko mobilizazio erraldoiena bezala, sakabanaketaren kontrako aste honetako mobilizazio arrakastatsuak, etengabeko lan politiko eta soziala biderkatzeko balio behar du, sakabanaketa eta egungo espetxe politika mantentzea jasanezin bilakatzeraino. Herritarrak eskertu nahi ditugu mobilizazio arrakastatsu horiengatik.

Presoon eskubideen alde aritzeak, balore biderkatua du, gure herriaren eskubideen alde aritzea baita, gatazka konpondu eta askatasunetik hurbilago egiten gaitu eta. Presoen alde indarrak biltzeak, konpromisoak berritzeak eta aktibatzeak garrantzia biderkatua du.

Presook Euskal Herriaren askatasunarekiko konpromisoarekin erantzungo dugu, duintasunez. Urte bete berretsi bezala, 2008ko otsaileko agirian, presoen aferari badakite nola heldu behar dioten, gatazkaren ondorio izanik beraren erroei helduz hain zuzen, eta bitartean ez dugu utziko inolaz ere, askapen borrokaren kaltetan erabil gaitzaten.

Euskal Herrian eta libro bizitzeko eskubidea eskuratu bitartean ez dugu etsiko, preso gaixo larri guztiak kalera! Kondena beteta duten kideak kalera! Euskal Presoak, Euskal Herrira! Euskal presoak Euskal Herrira! Amnistia autodeterminazioa!

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun