Lan Osasunaren Egunaren aldarrikapenekin bat egin du Sopelako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 27a, 20:48
Joan den ostiralean egindako osoko bilkuran, apirilaren 28ko Lan Osasunaren Nazioarteko Egunari buruzko proposamena onartu zuen aho batez Sopelako Udalbatzak. Ezker abertzaleak aurkeztutako mozioari onespena eman zioten alderdi politiko guztiek. Egun horretan, hau da, bihar bertan, lan segurtasuna eta osasuna ekarri nahi dira gogora. Langileen segurtasuna bermatzea "oinarrizkotzat" jotzen du Sopelako Udalbatzak eta "segurtasunari bideratutako gastu osoa inbertsioa" dela deritzo, tokiko iturriek aipatu dutenez. Gauzak horrela, "lan osasuna eskubide eta lehentasuntzat" hartzearen alde azaldu ziren. Onartutako adierazpenaren arabera, lan arriskuen prebentziorako legedia betetzen ez duten enpresak ez kontratatzeko konpromisoa hartzen du Sopelako Udalak. Bestalde, lan istripu larria gertatzekotan tokiko erakundeak jarriko ditu hori aztertzeko beharrezkoak diren baliabideak. Azkenik, Udala apirilaren 28an egingo diren deialdiei batuko zaie eta egun horretan aldarrikatu nahi dena gogora ekarriko du. Argazkian, aurreko udal batzar bat Sopelan.
Guillermo Vio Sopelako hautetsi independentistak "garrantzi berezia" eman dio aipatu idatzia onartzeari, "ezker abertzaleak sartutako mozioa delako, eta Sopelako Udalbatza oso konplexua delako". Zazpi alderdi politiko eta, kasu honetan, zazpiek baietza eman dute: ezker abertzalea, EAJ, PSE-EE, Ezker Batua, PP, Berdeak eta EA. Halaber, "oso positiboki" baloratu du mozioa Sopelako ezker abertzaleak, "oso sentsibilitate ezberdinak ditugun alderdiok, gure arteko hika-mika alde batera utzi ditugulako eta adostu dugulako mozio bat, ahal den neurrian gure esku dagoen guztia egin dezagun lan istripuak saihesteko, eta zoritxarrez, lan istripurik gertatu ezean, era komunen joka dezagun oinarrizko puntu batzuen inguruan". Lortutako adostasun mailarekin "harrituta" ere azaldu dira hautetsi independentistak, besteak beste, mozioan zera esaten delako hitzez hitz: "eta bestetik, Euskal Herrian dugun arazoa gure Lan Harremanetarako Esparru propioa eraikitzeko, bi Estatuen inposizioari aurre egiteko. Hau, ezinbestekoa dugu gure lan harremanak antolatzeko, lan erreformei aurre egiteko eta bide batez lan-istripuak gutxitzeko". Viok aipatu duenez, "inork ez zuen ezer esan" horren gainean.

Mozioaren testua:

Apirilaren 28a Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna dugu. Lan segurtasun eta osasunaren defentsan erreferentea da eta, eskubide hau urratuta dugun heinean, aldarrikapen eta borroka eguna ere bilakatu behar dugu.

Euskal Herria bezalako herri txiki batean eskandalu hutsa da enpresetan urtero-urtero izaten diren istripu, gaixotasun eta heriotza datuak; urtez urte 135.000 istripu inguru, 100 heriotza baino gehiago, lan gaixotasun baten ondorioz hiltzen diren milaka langile eta bizitza osorako ezintasun iraunkorraz beste horrenbeste geratzen dira.

2007. urtean lan istripuetan hildakoak 125 izan ziren; 2008. Urtean 112 eta aurten, jadanik, 20 langile hil dira.

Datu hauek izugarrizkoak dira. Azken finean, langile hauek euren eta euren familien bizibidea ateratzen galdu dute bizitza. Gure gizarte garatu honetan, ditugun aurrerapen teknologiko guztiekin, datu hauek onartezinak dira. Horregatik, arazo sozial handi baten aurrean aurkitzen gara.

Lan egiten dugunon segurtasuna minimoki ezin badugu bermatu zerbait larria gertatzen ari da gure gizartean. Eta ezinbestekoa da arazo sozial honen oinarrietara jotzea. Azken urte hauetan lan antolaketan eredu berriak martxan jartzen ari dira. Besteak beste, malgutasun handiagoa eta lan erritmo intentsiboagoak. Hauek langilearen nekea handitu eta arreta galtzera eramaten dute, lan-istripua edukitzeko arriskua igoz. Hau da, langilearen esplotazioa handitzen den heinean, lan-istripuaren probabilitatea biderkatu egiten da.

Lan-istripuen atzetik bi arrazoi nagusi daude. Alde batetik, enpresariek etekina ateratzeko grina beste edozein helburuen gainetik jartzen dutelako. Sarritan aipatzen da segurtasunean gastatzen dena ez dela kostua, inbertsioa baizik. Zoritxarrez, gauzak ez dira horrela izaten, batez ere, enpresari askok epe motzeko etekin ekonomikoei begira daudelako. Eta asmo onak albo batetara gelditzen dira, tartean lan osasuna, ahalik eta etekin borobilenak lortzeko.

Eta bestetik, Euskal Herrian dugun arazoa gure Lan Harremanetarako Esparru propioa eraikitzeko, bi Estatuen inposaketari aurre egiteko. Hau, ezinbestekoa dugu gure lan harremanak antolatzeko, lan erreformei aurre egiteko eta bide batez lan-istripuak gutxitzeko.

Hau horrela izanik, Udal Osoko Bilkura honek ondorengo adierazpena egiten du:

1.- Lan istripuei aurre egiteko lan harreman eta prebentzio eredu ezberdinak beharrezkoak dira; osasuna, negozioaren ordez, eskubidea eta lehentasuna izan dadin, arriskuei eta kalteei aurre egiteko eredu publiko, unibertsal, kalitateko eta parte-hartzailea aldarrikatu behar dugu.

2.- Udal honek ez du inolako obra edo zerbitzurik kontratatuko, lan arriskuen prebentzioko alorra bete ez duelako, gertaera larri edota oso larriagatik zigortu duten inolako enpresarik.

3.- Udalerrian lan istripu larria ematen bada, Udalak gertatutakoa argitzeko behar diren bitartekoak jarriko ditu, besteak beste, istripua gertatu den enpresako zuzendaritzarekin bilera bat eskatzea, istripuari buruzko informazio guztia eman dezan.

4.- Lan-istripu hau argitzeko bide judiziala irekitzen bada, Udal honek herri-akusazio moduan aurkezteko konpromisoa hartzen du.

5.- Azkenik, udalak apirilaren 28an antolatu diren mobilizazioekin bat egiten du eta bide batez herritar guztiei deitzen die bertan parte hartu dezaten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun