Hizkuntz Eskubideen Egunerako autobusa jarri du EHEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 27a, 21:54

Datorren igandean, maiatzak 3, Ondarroan ospatuko den Hizkuntz Eskubideen Egunerako autobusa jarri dute Uribe Kostako eta Ezkerraldeko EHEren taldeek. Autobusa Portugaletetik aterako da, Java zinematik goizeko 9etan. Bueltatzeko ordua autobusean bertan finkatuko dutela aurreratu dute, baina "20:00ak aldera" aurreikusten dute. Autobusa eta herri bazkarirako txartela 25 euro izango dira eta txangoan izena emateko 652 764 387 telefonora dei daiteke, lekuak agortu edo ostiralera arte. "Euskaraz Biziz Euskal Herri euskalduna eraiki" lelopean, igandean, VI. Hizkuntz Eskubideen Eguna egingo du EHEk Ondarroan. Ekimen hori "euskarazko egun osoko festa eta salaketarako eguna" da. Egun osoan euskaraz bizi eta gozatzeko egitarau zabala izango da, kale animazio, herri-bazkari, ikuskizun, gune, kontzertu eta abarrekin. Zesatek! eta Trikizio taldeak izango dira oholtza gainean. Manifestazioa eta ekitaldi nagusia ere izango dira bazkalaurrean.

EHEk zabaldu duenez, "Euskal Herrian euskaldun gisa bizitzea zaila da, eta are gehiago gurea bezalako eskualdeetan. Behatokiak urtero egiaztatzen duenez, administrazio guztiek urratzen dituzte gure hizkuntz eskubideak eta urtero urraketa berberak egiten dituzte, konponbiderik jarri gabe. Baina, Euskal Herri euskalduna eraikiko bada, hizkuntz eskubideak bermatzeaz gain, beharrezkoa izango da euskaldunon komunitateak euskaraz bizitzeko hautua egitea".

Horregatik, azaldu dutenez, "Ondarroan ospatuko da Hizkuntz Eskubideen Eguna, euskara hutsez bizitzeko hautua egin duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateari (UEMA) babesa agertzeko. Izan ere, Ondarroa eta Lekeitiori UEMA uztea agindu zieten epaitegi espainolek eta Lea Artibai eskualde bereko Mendexa, Munitibar eta Etxebarri udalerrien kasuan, ordea, EAJ izan da UEMAtik atera dituenak, euskaldunon erakunde bakarra ahulduz".

Hori horrela, Getxo udalerriko EHEk eskualdeko euskaltzaleak gonbidatzen ditu Ondarroara hurbiltzera, "euskarazko hautua egin duen gune euskaldun batean egun atsegin bat igarotzera eta zure sare sozial euskalduna handitzera".

Egitaraua

- 10:30ean, DIANA Kresalako bandaren eskutik.
- 11:00etan, EUSKARAZ BIZI GUNEA Erakusketa aretoan
- 11:00etatik 13:00ak bitarte, DANTZA EMANALDIA Kresalako dantza-taldearen eskutik, Alamedan; ANTZERKIA Kanttoipen; eta IKASTETXEETAKO HAURREN KANTALDIA Zubizarren
- 13:00etan, MANIFESTAZIOA
- 13:30ean, EKITALDI NAGUSIA Itsasaurre plazan
- 14:30ean, BAZKARI HERRIKOIA Itsasaurren
- 16:00etan, HAURREN TXOKOA Txirrimorraski aisialdi taldearekin Itsasaurren
- 17:30ean, KONTZERTUA ZE ESATEK eta TRIKIZIOrekin
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun