Espainiako Auzitegi Gorenak atzo ateratako epaiaren bidez bertan behera utzi du Euskal Herriko Unibertsitateak 2004ko urriaren 28an onartu zuen presoen ikasketak arautzeko protokoloa.
"Berria" egunkariak jakinarazi duenez, Gorenak Frantziako espetxeetan dauden presoei EHUn ikasketak egiteko aukera ezeztatu die ebatzitakoaren arabera. Auzitegi horrek aintzat hartu du EHUren protokoloa ontzat jo zuen EAEko Justizia Auzitegiaren epaiari Estatuko Abokatuak jarritako helegitea. Horretarako, unibertsitateak eta Espainiako Espetxe Zuzendaritzak hitzarmenik sinatuta ez dutela izan du hizpide auzitegiak. Izan ere, 2003-2004 ikasturtean, Askatasunaren Aldeko Irakasleen Plataformak Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuaren presidenteari eskatu zion Espetxeetako Lege Orokorra aldatzea, EPPKren presoak EHUn ikastea ezinezko bihurtzeko. Plataforma hori Gotzone Moraren, orduan Getxoko PSE-EEko zinegotzia eta EHUko katedraduna, inguruan sortu zen eta bera izan zen bere bozeramailea eta presoek zituzten ustezko "pribilegioen" salatzaile mediatikoa. Handik aurrera ikasketa guztiak UNEDen bitartez egin behar izan ziren, nahiz eta hainbat ikasketa bertan ezin burutu eta euskara ezin erabili. Manu Monterok eta Juan Ignacio Perez Iglesiasek Espetxeetako Zuzendaritzarekin hitzarmena berregiten saiatu ziren, beti ezetza topatu zutela. Azkenean, 2004ko urriaren 28an EHUk protokoloa onartu zuen eta 2005eko martxoan Frantziako espetxeetan zeuden 57 presoren matrikulazioekin ekin zion berriro lurralde hartan ikasketak emateari. Argazkian, presoen alde campusean pasa den abenduan emandako prentsaurreko bat.