Lamiakon udaltzain-etxe bat jartzea eskatu du Leioako PSE-EEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 28a, 18:09

Leioako PSE-EEren Udal Taldeak Lamiako auzoan Udaltzaingoa zabaltzeko gune bat jartzea eskatu dio Udal Gobernuari. Alfonso Lopez-Arevalillo bozeramaileak azaldu duenez, udaltzain instalazio berri horiek jartzearekin batera, "Udalak baztertu duela sentitzen duen zonalde" horretan udaltzain kopurua eta bitartekoak handitu beharko lirateke. Pasa den urtarrilean, Lamiakoko hainbat auzokidek etengabeko lapurreten egoeran zeudela salatu zutela gogoratu du Lopez-Arevalillok. Era berean, estanko baten jabeak dagoeneko zortzi lapurreta pairatu dituela azpimarratu du tokiko PSE-EEren bozeramaileak, eta autoetan egun-argitan egindako ebasketak ohikoak direla eta mandatariek bertan behera utzita sentitzen direla jarri du auzokideen ahotan. Gainera, egoera gaitzesteaz gain, Eneko Arruebarrena alkate jelkideak aipatu salaketen aurrean izandako jarrera kritikatu du: "egun batzuk beranduago, pasa den hauteskunde kanpainan, di-da batean agertu zen Lamiakon, bertako delinkuentzia tasa herriko gainerakoaren beste dela iragartzen. Dena prentsan ateratzeko".

Baina, Alfonso Lopez-Arevalilloren ustez, egia oso bestelakoa da eta, egun, PSE-EEren datuen arabera, enpresa pribatu baten zinpeko guardia batek zelatatzen du auzoa gauez. Horrek eraman du PSE-EE polizia gehiago eskatzera: "benetan, alkateak esaten duenez, Lamiakon ez badago Leioako beste auzo batzuetan baino delinkuentzia arazo handiagorik, ez lukete beharrezkoak izan beharko segurtasun neurri bereziak. Eta egiazki beharrezkoak badira, egokiena Udaltzaingoaren zerbitzuetara jotzea litzateke".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun