Euskal Herriko Unibertsitatearen adierazpena:
Auzitegi Goreneko administrazioarekiko auzien aretoak Presondegietan diren Pertsonei buruzko Protokoloa baliogabetu egin duela-eta, Euskal Herriko Unibertsitateak honakoa adierazi gura du:
Protokolo horrek egoera berezian dauden ikasleen matrikulen gestioa eta ikasketen jarraipena arautzen ditu. Egoera berezi hori izan daiteke ikaslea espetxean, gaixorik edo ezindurik egotea, hau da, eskoletara joatea aldi batez edo modu iraunkorrean eragozten dion egoera.
Protokoloa Gobernu Kontseiluak onartu zuen aho batez 2004ko urriaren 28an. Espetxe Zuzendaritza Nagusiak garapen-hitzarmena sinatzeari uko egin zionez, protokoloa ezin izan da Espainiako estatuan aplikatu, eta, beraz, atzerrian besterik ez du eraginik izan. Argitaratu zenetik, Estatuko abokatuak kontra egin zuen, Espetxeen Lege Orokorra urratzen zuela argudiatuz, besteak beste. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ezetsi egin zuen errekurtsoa auzialdi bakarrean eta berretsi Protokoloa, esanez Zuzenbidearen araberakoa zela erabat, ez zuela inondik ere espetxeei buruzko lege hori urratzen. Epaian luze eta zehatz azaltzen zen puntu hori.
Epai hori 2006ko urriaren 18an eman zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, eta Estatuaren abokatua kasazio-errekurtsoa jarri zuen haren kontra Auzitegi Gorenean. Auzitegi Gorenak erabakia eman du orain: Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia baliogabetu du, eta indarrik gabe utzi du Protokoloa, esanez Espetxeen Lege Orokorreko 56.2. artikulua urratzen duela, unibertsitateak Espainiako Gobernuko Espetxe Zuzendaritza Nagusiarekin hitzarmenik ez izateagatik.
Unibertsitate gisa, epaiaren aurrean gure jarrera erakundeek elkarri zor dioten begirunea izatea da, jakina. Alabaina, inondik ere ez gatoz bat epaiarekin, eta horretarako dauden bideak erabiliko ditugu haren kontrako errekurtsoa jartzeko. Uste dugu behar beste arrazoi daudela errekurtsoa jartzeko, batez ere gure ustez oinarrizko eskubideen urratze larria delako, besteak beste, unibertsitatearen autonomiarena.
Arrazoi horietako bat da epailearen erabakiak leporatzen diola Protokoloari aipatutako legeko 56.2. artikulua urratzea, Protokoloak modu agerian errespetatzen badu ere. Eta hain da horrela, non, legea indarrean sartu zenetik unibertsitate honetan ez den Espainiako espetxeetako ikasle bakar bat ere matrikulatu.
Gainera, epaiak unibertsitatearen autonomia bezalako oinarrizko eskubideak urratzen ditu, Espainiako espetxeekin hitzarmena egon behar dela argudiatzeko esaten baitu atzerriko espetxeetan dauden presoak protokolotik kanpo geratzen badira, horiei ez zaizkiela aplikatuko jaso gura duten irakaskuntzaren kalitatea ziurtatze aldera legean aurreikusitako bermeak. Ez dagokie, baina, Auzitegi Gorenak esan duen bezala, Espainiako espetxeei atzerrian dauden presoek jasoko duten irakaskuntzaren kalitatea zaintzea.