Nazioarteko gatazka eta errepresaliatu politikoei buruz arituko dira datorren astean Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 28a, 20:14

Bizkaiko fakultate desberdinetako ikasleez lagunduta, Presoen Aldeko Taldeek (PAT) maiatzaren 4tik 7ra antolatutako Nazioarteko Gatazka eta Errepresaliatu Politikoei buruzko jardunaldiak aurkeztu dituzte gaur eguerdian Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan. "Munduko Guantanamoak itxi!" lelopean, Leioa eta Erandioko campusean, Arangoitiko Irakasle Eskolan, San Mameseko Ingeniaritza Eskolan eta Casillan izango dira ekimenak. Hartara, astelehenetik asteazkenera bitartean, fakultate bakoitzak nazioarteko gatazka bat jorratuko du, maiatzaren 7an Leioa eta Bilbo artean ospatuko den jaialdi baten bidez gatazka guztiak bilduko direlarik. Hala ere, jardunaldien aurkezpena Leioa eta Erandioko campusean bertan egingo dute, hilaren 4an, astelehenarekin, 12:00etatik aurrera. Ordutik aurrera, Irlandako gatazka jorratuko dute aipatu gunean: astearte eguerdian, hitzaldia emango du Askapeneko kide batek; eta asteazkenean, "En el nombre del padre" filma proiektatu eta horren gaineko solasaldia egingo dute. Azken eguneko jaialdiari dagokionez, 10:00etan izango da harrera, Leioako campuseko kafetegian. Ondoren, Sahara, Kurdistan, Euskal Herria eta nazioarteko hainbat gatazkei buruz arituko dira bertan. Ordu batean, manifestazioa eta ekitaldi politikoa egin ondoren, Bilboko Zazpi Kaleetan jarraituko du jaiak. Argazkian, gaur eguerdian emandako prentsaurrekoa.

Prentsaurrekoaren edukia:

Berriki jakin dugu mundura aldaketa ekarriko omen duen Barack Obama presidente estatubatuar berriak hauteskundeetako bere promesa bete eta Guantanamo itxiko duela eta baita beste espetxe sekretu batzuk ere. Zoritxarrez, munduan Guantanamo asko daude oraindik irekita, euren herrien independentzia eta justiziaren alde borrokatzen duten gizon eta emakumez gainezka.

Hauetan ezagunena, ziurrenik, Palestina dugu. Guztion begien aurrean eta nazioarteko erakundeen erabateko pasibotasunaz, Israel palestinar herria desagerrarazteko eraso amaigabean dihardu: zibilen aurkako bonbardaketak, atxiloketa masiboak, horniduren blokeoa... Guantanamo honen erakusgarri dira baita ere Israelgo espetxe eta atxiloketa-eremu militarretan egoera lazgarrian bizi ziren 10.000tik gora preso politiko palestinarrak, azken hilabeteotako erasoekin hazi besterik ez den kopurua.

Ezezagunagoak ditugu Kurdistan eta Saharako gatazkak. Kurduena, 30 milioi biztanle ingururekin, estaturik gabeko nazio handiena dugu, Turkia, Siria, Irak eta Iran artean aurkitzen dena. Mendeetan zehar zapaldutako herria da Kurdistan. Turkian, kulturalki zapalduak izan dira euren hizkuntzan bizitzea ere debekatuz. Sirian, hiritartasuna bera ere ukatuta daukate zerbitzu publikoez baliatzeko eskubiderik ez dutelarik. Iranen, mugimendu kurduak suntsituak izan dira preso politiko asko eta asko exekutatuak izan direlarik. Iraken, arma kimikoekin erasotuak izan ziren 180.000 hildako eraginez. Gaur egun ere, Iraken autonomia duten arren, turkiarren erasoak eguneroko ogia dira mendi inguruetan.

Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuen 1975 urtean gerra piztuz, 1991n bake akordioak sinatu ziren arte. Saharauien aurka Marokok erabilitako taktikarik beldurgarriena pertsonen desagerpen behartua izan zen. 1.000tik gora pertsona desagertu ziren gerrak iraun zuen bitartean zentro klandestinoetan atxilotuta. Ehunka aske geratu ziren 80 eta 90eko hamarkadetan, hamarnaka atxiloketa-zentroetan hil zirelarik; baina besteen egoeraz ez dago berririk. Praktika hau ez da guztiz desagertu, nagusiki atxiloketa arbitrarioengatik ordezkatua izan delarik. Gaur egun, 650 pertsona inguruk desagertuta segitzen dute Saharan.

Irlandaren kasua, berriz, desberdina da. 80ko hamarkadan, IRA eta INLAko 23 presok estatus politikoaren aldeko bi gose greba burutu zituzten euretako 10 kide hilik suertatu zirelarik. Gaur egun, boluntario irlandarren urteetako borrokak gatazka politikoa konponbiderako bidean jarri du preso politikoak ere kalean direlarik.

Munduko Guantanamoak aztertu eta Euskal Herrira ekarriko ditugu maiatzaren 4tik 7ra Bizkaiko zenbait fakultatetan antolatu ditugun Nazioarteko Gatazka eta Errepresaliatu Politikoei buruzko Jardunaldien bidez. Horregatik, dei egiten dizuegu antolatutako jarduera eta ekimenetan eta asteari bukaera emango dion maiatzaren 7ko Leioa eta Bilbo arteko jaialdian parte hartzeko.

Munduko Guantanamoak itxi!

Leioako campuseko egitaraua: Irlanda

Aste osoan zehar, Irlandako gatazkari buruzko erakusketa iraunkorra.

Maiatzak 4, astelehena
12:00etan, jardunaldien aurkezpena eta dokumentala.

Maiatzak 5, asteartea
Eguerdian, hitzaldia Askapeneko kide baten eskutik.

Maiatzak 6, asteazkena
Eguerdian, pelikula eta tertulia: "En el nombre del padre"


San Mameseko egitaraua: Kurdistan

Aste osoan zehar, Kurdistango gatazkari buruzko erakusketa iraunkorra.

Maiatzak 5, asteartea
13:00etan, bideo-emanaldia P0A1 gelan: "Kurdistan, herri zapaldua"

Maiatzak 6, asteazkena
14:00etan, kontzentrazioa G eraikineko sarreran.


Casillako egitaraua; SaharaL

Aste osoan zehar, Mendebaldeko Saharako gatazkari buruzko erakusketa iraunkorra:
- 0. pisuan: Saharako historia eta gatazkaren kokapena.
- 1. pisuan: Saharako preso politikoak eta desagertuak.
- 2. pisuan: Saharari buruzko albisteak.
- 3. pisuan: Sahara eta Euskal Herria.

Maiatzak 5, asteartea
14:00etan, bideo-emanaldia eta tertulia 1.1 ikasgelan: "Saharauis, la mirada en el exilio" (40')

Maiatzak 6, asteazkena
13:00etan, bideo-emanaldia eta tertulia 2.2 ikasgelan:
- "Los hijos de las nubes" (20')
- "Intifada Sahara Occidental" (20')


Arangoitiko egitaraua: Palestina

Aste osoan zehar, Palestinako gatazka politikoari buruzko erakusketa, hitzaldia, bideo-emanaldia...


Maiatzak 7, osteguna: Leioa / Bilbo

Leioako campusean:
10:00etan, harrera Leioako campuseko kafetegian.
10:30etan, mahai-ingurua: "Preso politikoak XXI. mendean".
- Saharan brigadista egondako Askapeneko kide bat
- Kurdistango gatazkan aditu bat
- Euskal preso politiko ohi bat
- Gonbidatu gehiago
13:00etan, manifestazioa.
13:30etan, ekitaldi politikoa.

Bilboko Zazpi Kaleetan:
15:00etan, bazkari multietnikoa Errondabiden.
18:00etan, bakarlari irlandarra Errondabiden.
19:30etan, kontzertua 7Katu gaztetxean:
- Itziarren Semeak
- DAR

Bazkarirako txartelak:
Bazkarirako txartelek 7 euro balio dute eta ondoko lekuetan eskura ditzakezue:
- Bilbo: Errondabide (Zazpi Kaleak) eta Kirruli (Indautxu).
- Fakultateak: PATeko kideen bidez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun