Getxon atxilotu dute ustez Sopelan emakumezko bati poltsa lapurtutako laguna

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 28a, 23:37

Getxoko ertzainek gizonezko bat atxilotu zuten atzo, emakumezko bati, poltsa, indarrez tiraka eginez ostu izana egotzita. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, joan den larunbat arratsaldean jazo zen lapurreta Sopelan. Emakumezko bat Enrique Urrutikoetxea kaletik zihoan bere bi ilobekin batera. Bat-batean, gizonezko bat atzetik hurbildu zitzaien eta emakumezkoari poltsatik heldu zion eta indarrez tiraka eginda kendu zion; segidan lapurrak korrika alde egin zuen. Biktimak Ertzaintzari gertatutakoa jakinarazi zion eta agenteek susmagarria identifikatu eta atxilotzeko ikerketa bat abiatu zuten. Polizia iturrien arabera, lapurretaren lekuko batek emandako datuei esker, ustezko lapurra identifikatu eta atzo, astelehena, atxilotu ahal izan zuten Getxo udalerrian. Atxilotua, 21 urteko gizonezkoa, Neguriko ertzain-etxera eraman zuten bertan beharrezko izapideak egiteko. Antzeko kasuengatik aurrez ere atxilotua izan da, Herrizaingo Sailaren hitzetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun