"Bolognaren aurkako kontragailurra" egiten ari dira Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 29a, 00:01

Egunotan Lovainan (Belgikan) egiten ari diren Europako Hezkuntza ministroen gailurra dela eta, Leioa eta Erandioko campuseko Ikasle Asanbladak "kontragailurra" antolatu du astelehenetik asteazkenera arte, Gaztesarea gazte informazio guneak jakinarazi duenez. Atzo parodia batekin eman zioten hasiera horri eta hiru egunetan kanpaketa egingo dute. Azkenik egunotan izango diren ekimenetan parte hartzeko deia luzatu dute. Ibaetako campusean ere kanpatuta egongo dira gaurtik bihar arte, eta jarduera ugari antolatu dituzte. Dagoeneko Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Eremurako (GHEE) egokitze prozesua (Bologna prozesua) abiatu du, Gizarte eta Komunikazio Zientzietako eta Psikologiako Fakultatetan, Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak. Hona hemen egokitutako ikasketak: Kazetaritza, Publizitatea eta Harreman Publikoak, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Soziologia, Politika eta Administrazio Zientziak eta Psikologia. Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak espero du ekainerako titulazio guztiak egokitu izana, ostegunean izandako Gobernu Kontseiluaren batzarrean aipatu zuenez. Argazkian, Leioako campusean egiten ari diren kanpaldia / Gaztesarea.

Leioako campuseko Asanbladaren oharra:

Europako Hezkuntza Ministroak Lovainan bilduko dira egun hauetan Bolognari buruzko hainbat erabaki hartzeko. Hori dela eta, Bologna ikasleon hitzaren gainetik inposatzen ari direla salatzeko eta prozesua geldi dadila eskatzeko, Kontragailurra antolatu dugu datozen hiru egun hauetarako.

Kontragailurra burutzen dugun egun hauetan kanpaldia egingo dugu campusean eta hainbat ekimen antolatu ditugu hiru egunetarako.

Gaurkoan, hasiera emateko, irekiera ekitaldi berezia egin dugu Kafetegi Txikian. Bertan, Hezkuntza ministroek (Errektore eta Dekanoen laguntzaz) Bologna inposatzen jarraituko dutela azaldu dute eta ikasleok prozesu osoa txintik esan gabe irenstera gonbidatu gaituzte. Baina gu honen aurrean altxatu gara eta beraien "Bologna erarako espagetiei" uko egin diegu eta gure menu propioa aldarrikatu dugu, Bolognaren gainetik bestelako unibertsitate eredu bat nahi dugulako.

Honenbestez, kontragailurrean eta kanpaldian parte hartzera gonbidatzen ditugu Leioako ikasle guztiak!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun