Ikasle Abertzaleen oharra:
Hezkuntza sistema arrotzen gainetik, ikasleria eraikitzera!
Ikasleok egun bizi dugun egoera, latza dela esaten hasi ginen urte hasierako prentsaurrekoan, eta egoera latza izaten jarraitzen duela errepikatu beharrean gaude gaurko prentsaurrekoan ere.
Baina, latza dela esan arren, horrek ez du ikasleria lo dagoenik esaten, alderantziz, egoera latz honetaz kontziente izanik, hamaika borroka piztu eta garatu ditugu ikasturte honetan zehar. Hezigune bakoitzak pairatzen duen egoera espezifikotik abiatuta, borroka propioak garatu ditugu eremu ezberdinetan, eskola eta fakultateetan. Horiek guztien adibide besterik ez dira, Santurtzin DBHkoen grebarako eskubidearen aldeko borroka, martxoaren 8aren testuinguruan garatu diren hezkidetza tailerrak, unibertsitatean Bolognaren gainetik bestelako unibertsitate eredu baten aldeko borroka, Lea Artibain egutegi propioaren alde emandako aurrera pausuak, Bilbon eskubide demokratikoen aldeko borrokak...
Baina borroka guzti hauek, ez dira modu isolatuan garatzen diren borrokak. Euskal ikasleok pairatzen dugun egoera latz honen erantzulea berdina da kasu guztietan; Hezkuntza Sistema Arrotzen inposizioa. Eta inposizio honen ondotik datozen zapalkuntzen aurka borrokatzen dugu, bakoitzak bere eskolan edo fakultatean
Horregatik, apirilaren 30ean Batera-jotze Nazionala deitu dugu. Batera-jotze nazional hau mobilizazio egun bezala ulertzen dugu eta eskualdekako mobilizazio hauek burutze bidean ikastetxe eta fakultateetan paroak deitzen ditugu. Bakoitza bere borrokarekin, Hezkuntza Sistema Arrotzen Gainetik, Ikasleria Eraikitzera! Lemapean kalera irteteko. Beraz, hemen batu garen ikasle eta abertzaleok, Bizkaiko ikasleriari dei egiten diogu, apirilaren 30ean burutuko diren mobilizazioetan parte hartze zuzena hartzeko:
Hauek dira Bizkaiko mobilizazioak:
Algorta: 12:00etan manifestazioa Txiki eta Otaegi plazatik.
Balmaseda: 11:30tan manifestazioa ikastetxetik.
Gernika: 12:00etan manifestazioa.
Igorre: 12:30ean manifestazioa.
Leioa: 11:30ean kontzentrazioa Askartza ikastetxean.
Leioa (UPV): manifestazioa.
Lekeitio: 11:30ean giza katea. 12:30ean eskolapean kontzentrazioa.
Markina: 12:00etan manifestazioa Lea-Artibai ikastetxetik.
Mungia: 11:30ean kontzentrazioa ikastetxean.
Mutriku: 11:30ean kontzentrazioa ikastetxean.
Portugalete: 11:30ean manifestazioa triangelutik.
Eta azkenik, Bilboaldeko Deustun hasiko da manifestazioa, San Pedro enparantzatik eguerdiko 12:30ean.
Beste behin ere, Bizkaia eta Euskal Herri osoko ikasle eta abertzaleak apirilaren 30eko batera-jotze nazionaleko mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu.
Ikasle borrokaz lortuko dugu!!!
Hezkuntza sistema arrotzen gainetik, ikasleria eraikitzera!!!
Ikasle Abertzaleak