![](http://www.ukberri.net/berrirudi/bilurrak-jarrita.jpg)
Ertzaintzak bi gizonezko atxilotu ditu gaur goizaldean Algortako eta Bilboko taberna banatan lapurretan egin izana leporatuta. Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, atzo gauerdia aldera jakin zuzen polizia autonomikoak, Algortako Aldapa auzoko taberna batean lapurreta bat jazo berri zela. Lau gizonezko sartu omen ziren tabernara eta, sarrerako atea hautsi ostean, diru, tabako eta joko makinak indarra erabiliz ireki zituzten. Bukatzean, lokaletik alde egin zuten, joan den otsailean Bilboko garaje batean lapurtutako autoan, polizia iturrien arabera. Ertzaintzak ordu bete beranduago, goizaldean jada, aurkitu dute ibilgailua Deustuko taberna baten ondoan aparkatuta. Bertan ere lapurretan egon zitezkeenaren susmoarekin, hainbat patruila auto bertaratu dira taberna horretara. Agenteak ikustean, lau gizonezkoak, banatu eta bide ezberdinak hartuz ihes egin dute. Ertzainak beren atzetik atera dira eta hainbat kaletatik korrika egin ostean, susmagarrietako bi harrapatu dituzte. Ihesi zihoala, gizonezkoetako batek, gainean zeraman mazoa lurrera bota du. Harrapatuak izan eta gero, agenteek susmagarrien autoa miatu dute eta barruan hainbat erreminta aurkitu dituzte: zizailak, bihurkinak, eta abar; dirua ere bazegoen autoan, Herrizaingo Sailak dioenez.