Udalbiltzaren alde kaleratuko dira arratsaldean Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 29a, 19:39
Udalbiltzaren aurkako auzia abiatu zenetik seigarren urtemuga betetzen dela eta, "Bai Udalbiltzari, bai Euskal Herriari" lelopean elkarretaratzea egingo dute gaur 19:30ean, Algortako Telletxe plazan. Izan ere, "Getxopapera" ezker abertzaleko tokiko aldizkariak gogoratu duenez, 2003ko Apirilaren 29an Espainiako Auzitegi Nazionalak "espainiar Polizia Nazionalarekin batera burutu zuen erasoa" eta gaurko urteurrenean 1.000 bat hautetsik protestak deitu dituzte hainbat lekutan, tartean Algortan. 2003ko egun hartan Udalbiltzak Astigarragan, Iruñean eta Bilbon zituen egoitzetan sartu, materiala eta ordenagailuak hartu, egoitzak prezintatu, kontu korronteak blokeatu, "Zuberoan garapen egitasmoak bultzatzeko herritarrengandik bildutako 400.000 euroak lapurtu", Udalbiltza eta Euskal Garapen eta Kohesio Fondoari suspentsioa ezarri eta 13 pertsona atxilotu eta espetxeratu zituzten, Udalbiltzako arduradunez gain bertako langileak ere bai. Egun 22 pertsona daude auziperatuta 10 eta 23 urteko espetxe zigor eskaerei aurre eginez. "Getxopapera"ren arabera, "nazio eraikuntzan eta udalen arteko elkarlanean emandako urratsak geldiaraztea zen eta da beraien helburua". Argazkian, Udalbiltzaren agerraldia / Ezkerabertzalea.info.
Ezker abertzalearen oharra:

Udalbiltzaren aurkako erasoaldiaren 6. urteurrenean

1.999ko Irailean “Udalbiltza, Euskal Herriko Udalen eta Udal Hautetsien Biltzarra”, nazio-instituzioa sortu zenean bost printzipio eta helburu hartu zuen bere gain, hala nola:

-Euskal Herria nazio gisa aldarrikatzea.
-Euskal Herrian bezala nazioartean Euskal Herriaren nazio izaera aldarrikatzea.
-Euskal Herriaren egituraketa politikoa eraikitzen laguntzea.
-Nazio eraikuntza bultzatzea.

Eta udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea hizkuntzaren, kulturaren, kirolaren, ingurumenaren, lurralde antolaketaren, ekonomiaren garapenaren eta ongizatearen alorrean besteak beste.Helburu hauek zazpi lurraldeetako ia 1.800 udal hautetsik aho batez erabaki zituzten.

Helburu hauen gauzapenean, nazio-eraikuntza praktikoan hainbat ekimen eraman ditu aurrera. Zailtasunak zailtasun, oztopoak oztopo, zatiketak, konpromiso maila eta atxikimendu maila ezberdin egonik ere, oparoa izan da Udalbiltzak egindako jarduna eta aurrerantzean jorratu beharreko bidea erakusgai utzi du gure gizartean. Hor daude adibidez:


* Euskara eta hezkuntza arloan Kontseilua, Ikastolen Konfederazioa edota Sortzen-Ikasbatuaz-ekin sinaturiko elkarlan hitzarmen estrategikoak

* Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren sorrerari emandako bultzada

* Euskal Herriko Naziotasun Aitormena agiria

* Xiberoa Garatzen egitasmoa herrialdeak bizi duen despopulazioari aurre egiteko

* 2.002ko abenduan ospaturiko Herrien Eskubideen aldeko Nazioarteko Konferentzia, bost kontinenteetako ordezkariak bildu zituena

* Euskal Herriaren Eskubideen Karta

* “Euskal Herria demokraziaranzko eta bakeranzko bidean” izeneko agiria

* Nazio Eztabaidagunea sortzeko proposamena

* Nazio Garapenerako Biltzarrarekin elkarlanean nazio planeko egitasmoak

* eta beste abar luze bat.

Baina Udalbiltzak bere jardunean erakutsi duen bide oparoa zapuztuta geratu zen 2.003ko Apirilaren 29an Madrilgo Auzitegi Nazionalak Polizia Nazionalarekin burutu zuen erasoagatik.

Egun hartan Udalbiltzak Astigarragan, Iruñean eta Bilbon zituen egoitzetan sartu, materiala eta ordenagailuak bahitu, egoitzak prezintatu, kontu korronteak blokeatu, Zuberoan garapen egitasmoak bultzatzeko herritarrengandik bildutako 400.000 euroak bahitu, Udalbiltza eta Euskal Garapen eta Kohesio Fondoari suspentsioa ezarri eta 13 pertsona atxilotu eta espetxeratu zituzten.

Nazio eraikuntzan zein udalen arteko elkarlanean emandako urratsak geldiaraztea zen eta da, beraien helburua.

Lau egun barru sei urte beteko dira, erasoaldi hura gauzatu zenetik. Gauzatzen hasi zenetik esan beharko dugu, izan ere, harrez gero Espainiako Audientzia Nazionalean, sumario bat osatu zuten.

Sumario horretan 22 pertsona gaude auziperatuta, 10 eta 23 urte arteko kartzela zigorra eskatzen zaigularik. Halaber, Udalbiltza bera eta Euskal Garapen eta Kohesio Fondoa legez kanpo jarri eta desegitea ere eskatzen da. Sumario horren ondorioz egongo den epaiketa laster izatea aurreikusten dugu.

Argi dago prozesu judizial honekin ez dutela bilatzen soilik pertsona jakin batzuk kriminalizatu eta zigortzea, eraikuntza nazionaleko dinamikak, euskal instituzionalizatze dinamikak eta udalen arteko auzolan ekimenak kriminalizatzea dela prozesu honen azken helburua.

Euskal Herrian aldaketa politikorako bideak zapuztea izanik helburua, gero eta zabalagoa da kriminalizatze dinamika horretan irentsia izateko arriskua duen eremu sozial, kultural eta politikoak.

Egoera ilun honetan, alabaina, epaiketa berri baten atarian gauden honetan, epaiketa hori bertan behera geratu behar dela gero eta argiago uzten duten hainbat elementu azpimarratu nahi ditugu.

1.Alde batetik, "Egunkaria"ren kasuan Fiskaltzak berak eskatu du epaiketarik ez egotea, ez baitago, haren ustez, akusazioa oinarritzeko elementu nahikorik. Ez baitira akusazio oinarrituak poliziek Egunkariari buruz euren txostenetan esandakoak.

Eta egokiak ez diren, baliorik ez duten txosten horiek dira, hain zuzen ere, aurretik egon diren eta atzetik etorriko diren beste hainbat sumario eta epaiketen oinarri. Horregatik azpimarratu nahi dugu, Udalbiltzaren aurkako prozesu honek, aipatu beste guztietan bezala ez duela oinarri juridikorik helburu eta intentzio politikoa baizik.

2.Gogora ekarri nahi dugu, halaber, NBEko organoek bitan interpelatu dutela Estatu Espainola, bitan adierazi diotela ez dela onargarria Euskal Herriko mugimendu politikoaren aurka gauzatzen ari den kriminalizazio eta zigor politika.

a.2008ko urriaren 27an, Nazio Batuetako Giza Eskubideetarako Komitea izan zen, Estatu Espainolak Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna nola betetzen duen aztertu zuenean emaniko txostenean. Espainiako Kode Penalaren arabera, hainbat jarduera terrorismotzat jotzea eskubideen urraketa ekar dezakeela eta, Kode Penalaren definizioak murriztu eta Itunarekin bateragarriak egitea eskatu zion.

b.Berriki, Nazio Batuetako Giza Eskubideen Kontseilua izan da, Martin Schinin txostengileak emaniko txostena aztertu duenean. Terrorismoaren aurkako borrokan Giza Eskubideak eta Oinarrizko Eskubideak sustatu eta babesteko NBEren txostengileak, bide beretik jo zuen, terrorismoa edozein ekimeni leporatzearen larritasunaz alegia.

3.Honekin lotuta, Udalbiltzaren aurkako jazarpen hau nazioartean salatzeko, azken hilabeteotan, ehunka alkate, zinegotzi eta udal hautetsi ohien aldeko sinadurak jaso ditugula adierazi behar dugu. Milatik gora dira jada euren elkartasuna ezezik, jazarpen honen salaketa egiteko prest azaldu diren udal hautetsi eta hautetsi ohiak.

4.Azkenik, gogora ekarri nahi dugu, baita ere, 2008ko abenduaren 22an Gasteizko Legebiltzarrak Udalbiltzaren aurkako auzia salatzeko onartu zuen lau puntuko legez besteko proposamena.

Proposamen horretan, Legebiltzarrak, Udalbiltzaren helburuen alde lan egitea zilegia ez ezik beharrezkoa ere badela aldarrikatzeaz gain, horrelako ekimen eta jarduerak kriminalizatzea demokraziaren aurkakoa dela erabat adierazi zuen. Legebiltzarrak, halaber, Udalbiltzaren aurkako prozesua irmoki salatu zuen eta Fiskaltzari akusazio publikoa erretiratzea eskatu zion.

Argi dago, Udalbiltza herri honetako gehiengoaren babesarekin sortu eta ezaugarritu dela eta ezinbestekoa dela Euskal Herriaren nazio-aitortzaren, lurraldetasunaren eta erabakitzeko eskubidearen alde aurrera egiteko.

Udalbiltza udaletatik abiatzen den euskal instituzioa da; euskal gizartearen eta udalen ondarea da, eta ez beste inorena; ez da alderdi politikoa batzuen tresna, herri eta udal sustraiak dituen nazio instituzio bakarra baizik.

Udalbiltzaren aurkako prozesu honetan euskal herritarren eskubide zibil eta politikoak daude auzitan, eta horrekin batera Euskal Herriak eta euskal herritarrek gure nazioa erakundetzeko dugun eskubidea ere auzitan dago.

Udalbiltzaren aurkako erasoaldiaren seigarren urteurrena une egokia dela deritzogu eskubide horiek aldarrikatu eta defenditzeko.

Hori dela-eta, datorren asteazkenean, erasoaren urtemugan, iluntzeko 20:00etan elkarretaratzeak egingo dira Euskal Herriko udaletxeen aurrean Euskal Herritar guztiak gonbidatzen ditugu Bai Udalbiltzari, bai Euskal Herriari aldarrika dezaten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun