Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak liburu trukaketa edo bookcrossing-a jarriko du martxan datorren astelehenean, maiatzak 4. Ekimena, ezinbestean “Uribe Kostako Bookcrossing-a" batailatu dutena, euskal kultura partekatzea du helburu. Beraz, astelehenean, egun osoan zehar, nahi duenak euskarazko liburu bana utzi ahal izango du Uribe Kostako Mankomunitateko edozein leku publikotan, besteren batek irakur dezan. Mankomunitateko egoitzan eta kultur etxeetan pegatina bereizgarriak banatuko dira bookcrossingean parte hartzeko. Euskara Zerbitzutik ekimenean parte hartzera deitu dute: "bilaka dezagun mundua liburutegi erraldoia! Anima zaitez eta lagundu euskal kultura zabaltzen!" eskatu die Uribe Kostako bizilagunei. Bookcrossinga munduan zehar, eta batez ere ingelesa erabiltzen duten herrialdeetan, azken urteotan zabaldu bada ere, dozenaka milaka lagunen sostengua duen ekimena bihurtu da. Arau bakarra dauka: norberak nahi dituen liburuak liberatzean datza. Liberazio hori edozein leku publikotan egin daiteke beste pertsona batek topatuko duen lekua bada. Euskaraz, lehen aldiz orain dela bi urte egin omen zen Zumaian. Argazkia:
Basti.