Abian dira Algortako San Inazioetako kartel eta maketa lehiaketak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 30a, 20:29
Uztailaren 29tik abuztuaren 1era bitartean ospatuko dira aurten Algortako San Inazio jaiak. Hain zuzen ere, horien irudia izango dena aukeratzeko, kartel lehiaketa deitu du, beste urte batez, jai batzordeak. Irabazleak 300 euro jasoko ditu. Bestalde, hirugarren urtez antolatu dute maketa lehiaketa. Musika talde irabazleak talde ezagun batekin jotzeko aukera izango du festetan. Hartara, diru saririk ez dela egongo ohartarazi dute antolatzaileek. Horrenbestez, maiatzaren 28ra arte izango dute lanak entregatzeko aukera, lehiaketetan parte hartu nahi duten guztiek. Horretarako, Algortako Euskal Herria kaleko 17. zenbakian dagoen Eztabaida Gunera jo beharko dute horiek. Azkenik, Algortako San Inazioetako argazki bilduma osatu nahian dabil jai batzordeak. Hori dela eta, dauzkaten argazkiak bidaltzeko eskatu diete herritarrei. Irudi guztiak jai batzordeko bitakoran (algortakosaninazioak.mundua.com) jarriko dituzte ikusgai. Edozein zalantzatarako aixerrota.jaibatzordea[abildua]gmail.com e-posta helbidea jarri dute algortarren eskura. Jai batzordea ostegunero batzartzen da, 20:00etan, Algortako Agurra dantza taldearen egoitzan (Illeta, 12 – behea). Argazkian, ikurrinari agurra iazko San Inazioen hasieran.
Algortan ospatuko diren San Inazio jaien irudia izango dena aukeratzeko, beranduenez, maiatzaren 28an entregatu beharko dira kartelak, Algortako Eztabaida Gunean (Euskal Herria, 17). Data hori igarota, jai batzordeko kideek osatutako epaimahaiak erabakiko du zein den irabazlea eta horrela jakinaraziko dio horri. 300 euro jasoko ditu jaietako kartel gisa aukeratua izango denaren egileak. Saritu gabeko kartelak, berriz, egileei itzuliko zaizkie. Hala ere, guztiak jarriko dituzte ikusgai jai batzordearen bitakoran (algortakosaninazioak.mundua.com).

Kartelen ezaugarriei dagokienez, 70x50 zentimetroko (ez-etzana) neurria eduki beharko dute aurkeztutako lanek, euskarri gogorrean edo paper gainean. Gaia librea bada ere, "Algortako San Inazioak 2009", "Uztailak 29-Abuztuak 1" eta "Jaietan ere euskaraz!" dira jarri beharreko leloak. Kartelaren atzealdean ezizen bat jarriko da, kartelarekin batera emango den gutun-azalaren kanpoaldean ere jarrita egongo dena. Gutun-azalaren barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa, besteak beste. Baliabide informatikoak erabili izatekotan (eta edozein kasutan ere) CD bat aurkeztu beharko da kartelarekin batera, horren irudi digitalizatuarekin.

Maketa lehiaketa

Hirugarren urtez, maketa lehiaketa deitu du Algortako San Inazioetako Jai Batzordeak. Antolatzaileek adierazi dutenez, disko zigilu batekin kaleratutako lanik edo diskoetxeren batekin kontraturik ez duten taldeek parte hartu ahal izango dute horretan. "Hori bai, getxoztarrez osatua egon beharko da talde bakoitzaren erdia (%50)", zehaztu dutenez. Entregatutako maketa CD formatuan egon beharko da, hiru abestirekin gutxienez. Horrekin batera, taldearen historia laburra, helbidea eta kontaktatzeko modua (e-posta, telefono zenbakia) eta taldekideen izen-abizen eta jaiotze daten fitxa eman beharko dute. Aipatu oinarriak onartu beharko dituzte lehiaketara aurkezten diren taldeek, baita irabazle suertatzekotan, lehen aipaturikoak betetzen dituztela ziurtatzen duten agiriak emateko konpromisoa hartu ere.

Musikariek ezin izango dute lehiaketan parte hartzen duten bi talde baino gehiagotan egon, aldi berean, antolatzaileek aipatu dutenez. Bestalde, jotzen dituzten abestien egileak eurak direla eta horien gaineko eskubideak dituztela ziurtatu beharko dute musikariek, "hirugarren batek jai batzordeari egin diezaioken erreklamazioa ekidin aldera". Abestiak hainbat hedabideetan erreproduzitzeko aukera edukiko du jai batzordeak.

Maiatzaren 28ra arte bidalitako lanen artean aukeraketa egin eta ondorengo egunetan emango du hautatutako taldeen berri jai batzordeak. Horiek, finala izango dute ekainaren 6an, Getxoko Txorimalo gaztetxean. Dena den, data horiek aldatzea jai batzordearen esku dago. Irabazleek uztailaren 29tik abuztuaren 1era ospatuko diren San Inazioetan joko dute, oraindik erabakitzeke dagoen egunean, talde ezagun batekin. Beraz, ez da diru saririk egongo, nabarmendu dutenez. Zalantzak argitzeko aixerrota.jaibatzordea[abildua]gmail.com e-posta helbidea jarri du jai batzordeak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun