![](http://farm4.static.flickr.com/3042/3010344471_c092f04f8f_m.jpg)
Gabiriako Osinalde Sarian Arrate Illaro eta Jone Uria bertsolari algortarrek pasa den larunbatean abestutako bertso batzuk entzungai izango dira gaur gauean. Izan ere, gaur 21:30ean, "Hitzetik Hortzera" ETB3 katean eskainiko du Gabirian egindako finalari buruzko erreportajea. Bertan,
ALBEkoez gain, Odei Barroso, Mikel Artola, "Hitzetik Hortzera" aurkezten duen Miren Amuriza eta
Osinalde Saria irabazi zuen Maddalen Arzallusek egindako lanak ikusi ahal izango dira. Arzallus irabazi bazuen ere, entzuleek gustuko bertsolaria izendatu zuten Mikel Artola eta bertso onenaren saria Miren Amurizari eman zioten. Baina, erreportajea labur geldituz gero, larunbatean eta igandean "Hitza Jolas" Euskadi Irratiko saioak Osinalde Sariari buruzko programa berezia eskainiko du arratsaldeko 2etatik aurrera. Ordu batez, bertso eta "unerik ederrenak" eskainiko dituzte. Bestalde, Arrate Illarok Gabirian Maialen Velarde ordezkatu zuela, Itxaso Paya bakarrik joan behar izan zen Aiherran jokatutako
Hernadorena Sarira eta bertan hirugarren sailkatu zen. Irabazlea Unai Gaztelumendi izan zen, 322 puntuekin. Gaztelumendik txapela eta oilarra eraman zuen etxera. bigarren sailkatua Patxi Iriart izan zen, puntu batera. Berak bildotsa jaso zuen. Payak, berriz, 299 puntuekin, beste oilar bat jaso eta bertan oparitu zuen. Finalista guztiei abereren bat eman zieten. Argazkian, Arrate Illaro iaz Areetan abesten. Atzean, ezkerrean, Jone eta Itxaso.