Ikasle Abertzaleek deituta eta "Hezkuntza sistema arrotzen gainetik, ikasleria eraikitzera!" lelopean, 150 bat ikasle atera dira plazara Leioa eta Erandioko campusean eta beste 58 Algortan. Dena den, Algortako Txiki eta Otaegi plazan Uribe Kostako
IAko kideek egindako ekitaldian (mp3) esan bezala, ehunaka gazteentzat ikastetxeetako zuzendariak oztopo nagusia izan dira kalera irten ahal izateko. Izan ere, greba eskubidearen urraketa izan da salaketa nabarmenena Algortan, hezkidetza falta, autoritarismoa, Bologna prozesua, curriculum arrotza, hezkuntza sistema euskaldunaren eza edota ikasleen eskubideei buruzko Dekretuarekin batera. Arazo nagusiak Askartza Leioako ikastetxe pribatu erlijiosoan eman dira. Bertan, "espediente eta kaleratze mehatxuak" direla eta, bertan aurreikusita zegoen elkarretaratzea bertan behera utzi dute ikasleek, patioan pankarta eskegi ostean. Artatza-Romo institutu publikoan berriz, ikasleek zuzendaritzari leporatu diote bozketa ez demokratikoak egitea. Zentro horretan, quorum altua eskatzen dute greba legezkoa dela ziurtatzeko, eta askotan kanpoan dauden edo azterketak dituzten klaseak botoa eman gabe gelditzen dira. Gaurkoan, hiru talde bozkatu gabe gelditu dira delegatuek ez baitzituzten kontua ondo bideratu. IAk salatu duenez, zuzendaritzak ez du aintzat hartu talde horiek gaur bozkatzeko eskaera. Horren aurrean, zentroan bertan elkarretaratzea egin dute, arduradunei erantzukizunak aurpegiratzeko. Guztira ia 2.000 lagun kaleratu dira Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaian.
Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.