Leioako auzokideen oharra:
Maiatzaren 4an, astelehena, 20:00etan mobilizazioa Boulevardean.
Lan istripu gehiagorik ez!
Azken hiru asteetan bi langile leioztarrek galdu dute bizitza lanean zeudenean. Pasa den astean hil zen azkena, aste batzuk koma egoeran igaro ostean. Aurten 22 langile hil dira jada, lanean zirenean.
Gainera, egungo krisiaren testuingurua aprobetxatuz, enpresariek eta gobernuek aurrerapausoak ematen ari dira langileon eskubideak murrizteko eta dauden lan baldintza prekarioak handitzeko.
Haiek sortutako prekarietateak hiltzen du, eta bitartean batzuk grebarako eta mobilizaziorako arrazoiak ez daudela esaten dute.
Mobilizatzeko arrazoiak badira, bai gaurko, bai maiatzaren 21eko greba egunerako!
"Lan istripu gehiagorik ez!" lelopean, A.G. izeneko behargina zenari azken agurra emango diote gaur 20:00etan Boulevardean auzokide leioaztarrek. Izan ere, langilea pasa den apirilaren 29an hil zen Gurutzetako ospitalean, martxoaren 26an pairatu zuen lan istripu baten ondorioz. Ezbeharra Kantabriako Gajano herrian izan zen, Dynasol enpresan. Bertan, A.G. zein Pontevedrako M.L. beharginek Nervion Montaje y Mantenimiento azpikontrataren bidez egiten zuten lan. Biak produktu kimikoen ontzi bat konpontzen ari ziren, berau soldatuz. Ontziak eztanda egin zuen eta %40 eta %50eko erredurak, ubeldurak eta zauri larriak eragin zizkien. Lehenengo arreta medikoa Santanderreko Valdecilla ospitalean jaso ostean, Gurutzetara bideratu zituzten, behar zituzten ebakuntzak egin eta tratamendua jarraitzeko. Dena den, hori ez zen nahikoa izan A.G.-rentzat, pasa den asteazkenean hil zena. Beste langileak ospitalean darrai.