Landak zehaztu duenez (mp3), lehen jarduna baino ez da gaurkoa eta horren ondotik etorriko da, bereziki zaharrentzat Getxoko Malakate parkean ipiniko duten antzeko ekipamendua, maiatzean bertan. Horren ostean ere, Itzubaltzeta / Romoko Gobelaurre edo Txabarri-Zuazon parkean, beste bat ipiniko dute, bertan egiten ari diren lanak amaitu eta gero, hain zuzen.
Tokiko Gobernuaren asmoa da ere gaztetxo eta nerabeentzako ekipamenduak egokitzea, esate baterako, saskibaloi kantxak eta futbito zelai txikiak, “konpondu gabeko kontua baita”. Horren adibidea izango da laster Txabarri-Zuazo parkekoa.
Areetako Eskoletako plazako banku berriak
Bestalde, Areetako Eskoletako plazako eserlekuak berriztu egin dira eta 16 banku berri ipini dituzte, neurri desberdinetakoak (9 banakakoak, 1,80 metroko 2 eta 3 metroko beste 5), eta modu berezian kokatu dituzte. Guztira, Udalak 31 banku erosi ditu 7.500 eurotan, udalerriko hainbat lekutan ipintzeko.
Joseba Arregi Hirigintza alorreko zinegotziak azaldu duenez, “Gobernu Taldea lanean ari da bankuak ipintzeko leku berriak aurkitzeko, pertsonen arteko harremanak, bizikidetza eta komunikazioa erraztu aldera, bankuak eta hauek ipinita dauden lekuak ez daitezen izan soilik begiratzeko toki hutsak”. Bankuak umeentzako jolasgunearen eta oinezkoen gune berearen artean kokatu dituzte, “lagunarteko berriketaldiak eduki ahal izateko”.
Horrez gain, herriko jendetsuenetakoa den plaza horretan erraz sartzeko lanak egin dira, oinezkoen gunea eta plazaren eta plaza eta arkupearen artean dauden koskak kenduz, eta baita plazaren inguruan zeuden zarama eta birziklatzeko edukiontziak beste leku batera eramanez, pertsona guztiak traba barik ibil daitezen.