Margarita Uria algortarra eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kide jeltzaleak, Javier Quel EHUko Zuzenbide Fakultateko dekanoarekin batera, Justizia deszentralizatzeko mintegi bat zabalduko du bihar Bilbon. Izan ere, EHUko Zuzenbide Fakultateko Bizkaiko Atalaren Zuzenbide Publikoa Sailak "Justizia Administrazioaren Deszentralizazioa" izeneko jardunaldia antolatu du biharko, goizeko 9:30etik aurrera, Bilboko Hurtado Amezaga kalean dagoen Bizkaiko Batzar Nagusien Areto Nagusian. Jardunaldian elkarte judizialen ordezkariek eta Zuzenbideko irakasle eta adituek parte hartuko dute. Goizean, hizlariek justiziaren deszentralizazioaz hitz egingo dute ikuspuntu desberdinetatik. Hau da, autonomia erkidegoetako Botere Judizialaren Kontseiluen balizko sorrera, justizia administrazioaren zerbitzuko giza baliabideen eta baliabide materialen deszentralizazioa, edo jarduera jurisdikzionala deszentralizatzeko aukerak eta horiek Auzitegi Nagusietan duten isla bezalako gaiez mintzatuko dira.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!