Gaur zortzi zabalduko dute Bapirukeko udaleku irekietan izena emateko epea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 4a, 21:08

Bapiruke aisialdi programa euskaldunean izena emateko aukera datorren astelehenean, maiatzak 11, zabalduko da. 5 eta 12 urte bitarteko 430 ume eta gaztetxoei jolasez, kirolez eta euskaraz beteriko uda pasatzeko aukera emango die Bapirukek. Izan ere, Bizarra Lepoan Getxo udalerriko euskara elkarteak dagoeneko jendaurrean aurkeztu ditu udan, ekainaren 24a eta uztailaren 30a bitartean, Itzubaltzeta / Romon eta Algortan burutuko dituen 9 udaleku irekiak. Udalekuetan umeek arazorik gabe goza dezatela ziurtatzeko, haurrek "euskaraz ondo egiteko" kapazak izan behar direla gogoratu du euskara elkarteak. Dena den, azken urteko ildoari jarraikiz, euskarara hurbiltzeko, lagun euskaldunak egiteko eta integrazio ildotik hasteko aukera emango zaie "euskaraz komunikatu ezin diren" 43 umeei, ingurune euskalduna eskainiz. Ume hauek, txanda guztietan banatuko dira, beti haur eta gaztetxoen %10 osatuz. Lehenengo txandan, 30 ume izango dira Algortako Aldai Patronatuan, ekainaren 24tik 30era. Uztailaren bi hamabostaldietan, berriz, launa udaleku izango dira, Romo, Zabala, San Martin eta Zubileta ikastetxeetan. Txanda guztietan, 9etatik 13:30ak arte izango da ordutegia, irteera dutenean 17:00ak arte luzatuko dena. Esan bezala, izen-ematea maiatzaren 11an abiatuko da elkarteko bazkideentzat. Aste bat beranduago ez bazkideentzat, Goizane Miruri Bizarra Lepoaneko dinamizatzaileak esan bezala (mp3). Bestalde, Leioako Euskara Zerbitzuak antolatutako Txilinbueltakarekin maiatzaren 22tik 22ra Pasaiara joateko izen-ematea etzi, asteazkenean, itxiko da. Argazkian, Bapirukeko umeak magia saio batean adi-adi.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun