Bai Getxo udalerrian eta bai Leioan azken urteotan ez da igoera edo jaitsiera nabarmenik izan ezkontza kopuruan. Baina bi udalerrien arteko badira hainbat ezberdintasunak Espainiako Kode Zibilak 1994tik aurrera alkate eta bere ordezkariei ematen dien eskuduntza erabiltzerakoan. Leioan otsailaren 1ean zabaltzen ohi dute Udalaren bidez ezkontzeko izen-emate epea.
Artatza jauregia, ordaintzen den luxua
Leioaztarrak eskuragai dute udaletxeko osoko bilkuren aretoa astelehenetik ostiralera goizeko ordutegian, baina ez dute soilik aukera hori. Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzarekin Leioak duen hitzarmenari esker, Artatzako jauregian ezkontzak egiteko aukera dute urtean hamaika egunetan. Hortaz, urtarrila izan ezik, hil bakoitzeko lehen larunbatetan egiten dituzte ezkontzak bertan, goizeko 11:00etatik 13:30era. Askoz jota seina ezkontza egin ditzakete jardunaldi bakoitzean. Baina, argazkietan hain ondo gelditzen den ingurunea ordaintzen da. Artatzan ezkondu nahi duen bikote bakoitzak 118 euro eman behar dizkio Udalari, udalerriak Eusko jaurlaritzari ordaintzen dizkion 10.000 euroen zati bat estaltzeko. Aipagarria da hitzarmenaren arabera, Leioak 15 egunetan erabil ditzakeela jauregia eta horietatik hamaikatan baino ez dira ezkontzak burutzen. Bestelako egunak Leioako Eguna eta beste gizarte ospakizunak egiteko erabiltzen dute. Leioako udaletxean ezkontzen diren beste bikoteek, berriz, doan egiten dute. Baina Udalbatzaren aretoan zein Artatza jauregian ezkontzeko baldintza badago: bikotekideren bat Leioan sei hilabetez erroldatuta izatea, bertan bizitzea edota bertan lan egitea.
Arruebarrenaren arabera, ezkontza zibilen kopurua mantentzeak argi erakusten du ezkontza zibila euren egoera legalki formalizatzeko gero eta bikote gehiagok aukeratzen dutela. Izan ere, ezkontza kopuru globala jaisten ari da. Horretaz gain, aipatzeko da Leioan ezkontzen diren gehienak 30-35 urte bitartean kokatzen direla.
Getxo udalerriko eredua
Berriz, Getxoko udalerrian, ezkontzak hilabetearen hirugarren eta laugarren larunbatetan ospatzen dira, udaletxean, beti 12:00etatik aurrera eta egunean gehienez lau ospakizun izaten dira.
Getxoztarrek gehien aukeratzen dituzten hilabeteak maiatza, ekaina eta iraila izaten dira (abuztuan ez dira ospatzen). Hilabete horietan gazteleraz egin beharreko ospakizun guztiak erreserbatuta daude iadanik, eta euskaraz edo elebidunez egiteko egun libre batzuk geratzen dira. Leioan, ordea, abuztutik kanpo ez omen dira leku gehiegirik gelditzen.
Getxoko Udalak zabaldutakoaren arabera, hasieran bertako ezkontzak sinpleagoak ziren; orain emakume gehienak zuriz jantzita joaten dira eta gero eta gehiagotan eskatzen da zerbait irakurtzea, ospakizunean musika pieza bat zuzenean jotzea eta udaletxearen aurrekaldean dantza egitea edo arroza, loreak, konfetiak edo antzekoak botatzea. Batzar aretoan ezkontzetarako erositako bi lore ontzi jartzen dituzte.
Betebeharren artean ezkontidetako batek Getxo udalerrian gutxienez urte batez erroldatuta egon behar du eta normalean biak izaten dira getxotarrak. Ospakizunean Kode Zibilaren 66, 67 eta 68 artikuluak irakurri behar dira. Horiek ezkontzen direnei gogoratzen diete “eskubide eta betebeharretan berdinak dira, elkarrenganako errespetua eduki behar dute, elkarri lagundu eta familiaren interesaren alde jokatu. Elkarrekin bizi behar dute, elkarri fideltasuna gorde eta lagundu, etxeko erantzukizuna eta beren ardurapean dauden nagusien eta ondorengoen arreta partekatu behar duteEzkontzak Imanol Landa alkateak, Gobernu taldeko zinegotziek eta batzuetan oposiziokoek zuzentzen dituzte.