Patxi Lopez izendatu dute gaur Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakaria, PSE-EEren, PPren eta UPDren botoekin.
Berria.info-k zabaldu duenez, beste hautagaia, azken hamarkadan lehendakaria izan den Juan Jose
Ibarretxek politika aktiboa utzi du (pdf) Lehendakaritzarako bozketa egin aurretik. Dena den, 35 boto bildu ditu Ibarretxek, EAJ, Aralar eta EArenak. Lopezek 39 jaso ditu eta Ezker Batua abstenitu egin da.
Lopezen hitzaldian (pdf) zehar, Lopezek "garai politiko berrirako" elkarlana eskaini die jelkideei, baina talde abertzaleek Gobernu "frontista" eratzea leporatu diote, tartean bere garaipena Espainiako Alderdien Legeari zor diola gogoratzearekin batera. Bere aldetik, Lopezek beldurrak uxatzeari ekin dio. Alde batetik, Gernikako Estatutua "legearen barruan biziberritzeko" borondatea agertu du. Beste aldetik, "Euskara sustatzeko diru laguntzak ez ditut jaitsiko" agindu du. Bestalde, ilegalizazioaren eraginez, "indarkeria babesten" ei duen ezker abertzalea Gasteizko Legebiltzarrean tokirik ez uztea "pozgarritzat" jo du. Lehendakari eta Gobernu berriak hainbat pausu emango dute hurrengo egunotan. Bihar, Lopezen izendapena sinatuko du Espainiako Errege etxeak. Etzi, ordea, zina emango du Lopezek Gernikako juntetxean. Ostiralean, berriz, Gobernu Talde berria izendatuko du Ajuria Enean. Ezustekorik ezean, Idoia Mendia Barrikako zinegotzia gobernu bozeramailea eta sailburua izango da talde horretan. Argazkian, Patxi Lopez hauteskunde kanpainan / PSE-EE.