AHT Gelditu! Elkarlanaren oharra:
AHT Gelditu! Elkarlanak deialdia egiten du maiatzaren 9an, Iruñean, antolatu duen manifestazioan parte hartzeko.
Hainbat prentsaurrekoren bidez egin bezala, AHT Gelditu! Elkarlanak, euskal gizarte osoari deialdia luzatzen dio datorren larunbatean, hilak 9, Iruñean ospatuko den manifestazioan parte hartzera, gobernu desberdinek (nafarra, erkidegokoa eta espainiarra) Euskal Herrian Abiadura Handiko Trena inposatzeko dituzten planen aurka.
“Txikiziorako diru gehiagorik ez! Guztion artean AHT geldituko dugu!” lelopean, AHT Gelditu! Elkarlanak honako ideia hauek azpimarratu nahi ditu manifestazioari begira:
- Gizartearen eta ingurumenaren aurkako azpiegituraren xahuketa ekonomikoa salatzea: gaur egungo egoera sozioekonomikoa foru aldundi desberdinen finantza-gaitasuna murrizten ari den bitartean, enpresa eraikitzaile eta esleipendun eta bankuak gaur egungo egoera aprobetxatzen ari dira beren interes ekonomiko eta politikoak asetzeko diru publikoa beren egituretan txertatzeko eskatuz. Hori guztia ikusita eta kontuan hartuta langabeziaren datu gordinak, enplegua erregulatzeko espedienteak, lan-prekarietatea, eta ekonomiaren ezegonkortasun handia, are nabarmenagoa da abiadura handiko azpiegitura handi honek ez duela inongo gizarte-erabilgarritasunik eta, are gehiago, udaletxe, foru aldundi eta gobernuei defizit eta hipoteka izugarria besterik ez diela ekarriko. Halaber, ez da harritzekoa agintari horiek osasuna, hezkuntza, gizarte-zerbitzuak, enplegu-politikak, eta abarri dagozkien aurrekontu-sail publikoak murriztu eta bertan behera uztea; ez da harritzekoa agintari horiek gure lurraldea, herriak eta eskualdeak suntsitzeko, lurraldea zatitu eta kontsumoaren, globalizazioaren eta elite politiko eta ekonomiko txikien aldeko eredu sozial berria mantentzeko milaka milioi euro erabiltzea. Ez da harritzekoa, AHTa sustatzen duten agintariek kosta ahala kosta, gizartean duten leku pribilegiatua mantendu nahi baitute.
- Euskal herritarren erantzunak soilik lortuko du AHT gelditzea: azken urteotan, hainbat eta hainbat ekimenen bidez, Euskal Herrian Abiadura Handiko Trena zalantzan jartzen duen masa kritiko zabala dagoela erakutsi dugu. Pertsona asko gara, bai eta gizarte-kolektiboak, sindikatuak edo alderdi politikoak, proiektuarekiko gure aurkakotasuna adierazi dugunak. Hainbat alditan azpimarratu dugun bezala, horixe da gure kapital nagusia, AHTren aurkakotasuna metatzen duen giza kapital zabal eta anitza. Azpiegitura horren aurka agertu garen pertsona eta kolektibook indarra eta mobilizazio-gaitasuna adierazi behar dugu nora eramango gaituen ez dakigun trenaren aldeko apustua egiten duten gure herriko elite politiko-ekonomikoen aurrean. Gezur neurtu horien aurrean, benetako informazioarekin erantzun dugu, kriminalizazioaren aurrean kalean erantzun dugu, burututako ekintzen aurrean irudimenez betetako ekimen berriekin erantzun izan dugu eta hala jarraituko dugu (horren adibide izan da apirilaren 15ean, Euskal Herriko 800.000 postontzitan eginiko ekimena).
Larunbat honetan guztiok dugu hitzordua, 17:30ean, Iruñeko Antonioutti parkean; hitzordu bereziki garrantzitsua Nafarroan AHTa eraikitzeko negoziazioen testuinguruan. Horretarako, jakinarazi nahi dugu autobusak antolatu ditugula euskal herriko txoko guztietan.
Azkenik, aipatu nahi ditugu maiatzaren 10 eta 17an Arbizun eta Lizarrabengoan (Sakana) egingo diren herri-kontsultak, lehenak Nafarroan, eta herritarrak Abiadura Handiko Trenaren inguruan duten iritzia adieraztera deitu nahi genituzke.
Txikiziorako diru gehiagorik ez!
Guztion artean AHT geldituko dugu!
AHT Gelditu! Elkarlana: