Jarrai sortu eta 30 urtera independentzia aldarrikatu dute campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 6a, 20:26

1979ko maiatzaren lehenengo astean Koordinadora Abertzale Sozialistako Gazteriak (KAS Gazteriak) eta hainbat gazte independentista batu ziren Leioa eta Erandioko campusean erakunde gaztea, abertzalea eta sozialista bat martxan jartzeko. Elkarrizketa horien emaitza, 1979ko maiatzaren 10ean Bilbon jendaurrean aurkeztuko zen Jarrai-KAS erakundea izango zen. Erreferente hori Euskal Herriko Gazte Mugimenduaren sorreratzat hartuz, gaur Gazte Independentisten hainbat ordezkarik agerraldia egin dute campus berean. Gazteek igaro diren hiru hamarkadetan izandako lorpen eta kostuak balantzan jarri dituzte eta Espainia eta Frantziako estatuek zein Eusko Jaurlaritzak erabilitako errepresioa nabarmendu badute ere, Euskal Herriaren alde eta independentziaren aldeko konpromisoarekin jarraitzea eskatu diete belaunaldi berriei. Argazkian, gaurko ekitaldia / Gaztesarea.

Gazte independentisten oharra:

Orain 30 urte hemen bertan gazteria antolatzeko, borrokara batzeko eta herri honen beharrera lotzeko konpromisoa hartzen zuen antolakunde berri bat aurkeztu zuten; euskal gazteria antolatzeari ekingo zion Jarrai-KAS antolakundea. Euskal Herriaren aldeko borrokan gazteria borrokara batzeko bideari ekin zioten orduan, herri honen oinarrizko beharrezko zutabeei helduz eta gazteriaren berezko arazoei erantzungo zien borroka zehatz eta zuzenak dinamizatuz.

Hiru hamarkada igaro direnean lorpenen eta kostuen arabera neurtu ahal dugu egindako bidea.

Lorpenak izan dira:

30 urte hauetan gazteriak erakutsi duen antolakuntza eta borroka militantea. Konpromiso horren egiletza ez zaio antolakunde zehatz bati lotzen; hamaika modutan antolatzen jakin duen gazteriari berari baizik.

Gu izan gara garai bakoitzean herri honek behar zuen freskotasuna, indarra, haize berria, grina... jarri dugunak. Gazteon borroka ezinbestekoa izan da 30 urte eta gero herri honi sartu zioten iruzurra eta inposatu zioten zatiketa porrotera eramateko; ezinbestekoa orain aldaketa atarian egoteko herri hau.

Garaipen txiki eta garrantzitsuek erakutsi dute munduan ez direla asko herri honetako antolakuntza dutenak. Askotan esan digute, eta askotan ikusi dugu. Orain bertan, Europan zehar gure egoeraren berri emateko birari ekin diogunean gonbidatzen gaituzten eragileek gogorarazten digute askotan gu konturatu ez arren itzela dela hemen lortu duguna, lortzen ari garena. Konturatzen gara orain, zein garrantzitsua den kapitalismoaren nahira makurturiko XXI. mendeko Europa honetan gurea bezalako gazte mugimendu indartsua egotea.

Aipa genitzake Intsumisioaren aldeko borrokan egindako ekarpena; aipatu ditzakegu euskal gazteriak ezerezetik sortu dituen gaztetxeak, munduan parekorik ez duen esperientzia; hitz egin ahal dugu ikasle mugimenduak erakutsi duen borrokarako konstantziaz, sortu ditugun eta lagundu ditugun komunikazio proiektu herritarrak, musikaren izaera sozialean sakontzeko abiatutako proiektuez,... Gazteok jakin dugu formula zehatzak eraikitzen gure beharren arabera.

Bide honetan atzean utzi ditugu, gainetik pasa ditugu Atutxa bezalako manporrero gezurtien muntaiak, demokraziaren seme-alabak ginela ziotenen gezurrek ez gaituzte isilarazi; pasa ditugu Aznar, Mayor-Oreja, Le Vert, Garzon eta Sarkozyren errepresio legeak...

Kostua handia izan da, ordea:

* Y taldeen muntaia polizialak sufritu behar izan ditugu.
* Zenbat milaka espetxe zigor urte ezarri dizkiguten...
* Zenbat gazte torturatu eta espetxeratu dituzten euren borroka politikoaren ondorioz.
* Zenbat milaka euro isunetan
* Zenbat kaleratze...
* Zenbat mehatxu, jarraipen eta jazarpen...

Halakoa da etsaiaren ezintasuna, Independentziaren eta Sozialismoaren aldeko antolakuntza terrorista izendatu behar izan dutela.

Errepresioaren araberako balantze oro negatiboa da beti. Badakigu eta bagenekien borrokaren bideari ekin genioenean. Eta orain ere, gure borrokarako konpromisoa berresten dugunean badakigu zer datorkigun gainera: herriz herri gauzatzen ari diren razzia politikoak; Oarsoaldekoa, Iruñerrikoa, Lapurdi eta Baxe Nafarrokoa edo Donostialdekoa bezalakoak...

Azken 30 urteetan bezala, kaletik atera nahi gaituzte... kaletik atera nahi dute egunero herriz herri antolatzen den gazteria... Kaletik atera nahi dute Donibane Garazin 5.000 gazte batzeko gai den gazte mugimendua.

Eta orain diote, tertulia kideek ideologiak baino pisu gehiago duten jendarte honetan galtzaile jaio omen ginen. Baina ez da egia!

Badakigu herri honek gazteria konprometitua behar duela krisiaren aitzakian gu gehiago itotzeko darabilten eredu ekonomikoa hankaz gora botatzeko, maiatzaren 21ean herri hau grebara eramateko.

Gazteria konprometitua behar du herri honek berriz inposatu nahi duten iruzurra geratzeko.
Gazteria konprometitua behar du herri honek Independentziaren alde indarrak batzeko.

Atzo Gasteizen osatu zutenaren moduko apartheidaren instituzio faxistek, nafarron bizkar aritzen den faxismo-kontzentratuaren gobernuak, Espainiako bandera inposatua txintik esan gabe jartzen dutenek, gure herritik 200 kilometrora, 500era, 1.000ra daudenek... ez dute inor ordezkatzen. Korbatadun politiko profesional horiek ez dira inoren ordezkari.

Guk, berriz ere gure indarra eta konfiantza herri honetan eta herri honetako gazterian jartzen dugu. Independentzia ezin da izan urte berriko asmoak bezalakoa, kirola egingo dut edo erretzeari utziko diot bezalakoa. Independentzia gaur bertan hasi behar da lantzen.

Beraz, gure borrokarako konpromisoa berresten dugu gaur Leioan. Baina jakinda bidearen gainean ari garela orain pausuak ematen, hiru hamarkadetan egin dugunetik ikasita, ideiak argituta eta heldutasun militantez baina jarduera gazte eta freskoz.

Hortaz:

1. Harrobiaz mintzo da Perez Rubalcaba GALen ministroa. Galdera zer da, ia gu al garen Nazio Askapen Mugimenduaren harrobia? Erantzuna agerikoa da, BAI, gu gara. Ez dute lortuko erreleboa eteterik, gazteriak borrokara batzen jarraitzen du amesten duguna, xede duguna, ederregia baita bera bezalako gerraren ministroen eskutan uzteko.

2. Ez gaituzte kaletik aterako. Alferrik dabiltza. Kalea gurea da. Kalea gure Euskal Herri proiektua gauzatzeko eremua da, ez eurek esaten diguten erara, eurek ezarritako legeen eta joko arauen arabera, ez. Zaildu gara bidea egiten, eta orain inoiz baino garrantzitsuagoa dugu gazteok ikastetxez ikastetxe, herriz herri, auzoetan, gaztetxeetan... egiten dugun lan hori indartzea, Euskal Herria hizki larriz eta gazte grinez eraikitzea.

3. Ez gara makurtuko krisiaren aitzakiaren peko menpekotasunera. Munduan gosea eta miseria besterik sortzen ez duen eredu ekonomiko hau goitik behera antzaldatu behar dugu; hori da LEE-ei, langabeziari, prekarietateari, gure oinarri-oinarrizko eskubideen ukapenari aurre egiteko modu bakarra.

4. Ez digute balio Espainiako Konstituzioaren eta Frantziako Errepublikaren menpeko errezetek. Horiek denak iraungitu dira, pasa dira, herri honen kartzela hutsak dira. Alternatiba bakarra, aske egingo gaituen bakarra Independentzia da, Sozialismoa da.

Beraz, guk egingo dugu, ez du beste inork egingo. Gazteak, mundu aldrebesa da oso jaso duguna; jarrai dezagun hori goitik behera botatzen. Haika gazte eta segi borrokan eta antolakuntzan irabazi arte!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun