Lantzarteko Auzokide Elkarteak gaitzespen elkarretaratzea deitu du, ostegun honetarako, maiatzak 7, aipatu Berangoko eremu horren "erabilera publiko edo kirol erabilera" eskatzeko asmoz. Horretaz gain, udal erabakietan "herritarren partaidetza eta herri eraikuntza gestio gardentasuna" aldarrikatu nahi dute. Hitzordua iluntzeko zortzietan jarri dute, Lantzarteko landan. Auzokideen kolektiboak azaldu duenez, "lotura politikorik gabeko auzokide elkartea gara. Gure aldarrikapena Lantzarteko landaren erabilera publiko edo kirol erabilera mantentzea da, egun Berangoko Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) agertzen den moduan. Udalak bertan etxebizitzak eraiki nahi ditu eta proiektu horren kontra gaude". Dagoeneko mila berangoztarren sinadurak batu dituzte, "baina Udalak errefusatu ditu inongo azalpenik eman gabe", salatu dutenez. Auzokideek kartelak ere jarri dituzte leiho eta balkoietan gaitzespen seinalean eta proiektuaren aurkako ekitaldi desberdinak antolatu dituzte. Iñigo Lamarka Arartekoarengana ere jo dute. Argazkian, Lantzarteko zelaiak.