Lantzarteko egitasmoa "auzokideen borondatearen gainetik aurrera eraman nahi izatea" egotzi dio Udalari Berangoko ezker abertzaleak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 7a, 01:02

Berangoko Udalak aurrera eraman nahi duen Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) proiektuaren aurrerapena salatzeko urratsak ematen hasi da jada tokiko ezker abertzalea. Besteak beste, apirilaren 22an, bilkurara deitu zituen herriko kultur eragile guztiak eta auzokideak. Salatu dutenez, Lantzarteko etxebizitza tasatuen proiektua ere bilduko du planak, "bertako auzokideak bere aurka egon arren". "Landaren birkalifikatzearekin lortutako bi milioi euroekin, Udalak lur-azpiko igerileku bat eta padel pistak eraikiko ditu Intxaurragan, metro geltokiaren alboan. Lantzarteko landak erabilera publikoa izan beharko luke, kirol eta aisialdi izendapenarekin. Bestalde, berangoztarrok gure beharrak aseko dituen kiroldegi duin bat izatea eta Berango igarotzen duen metroko ibilbidea lur azpian izatea merezi dugu", azaldu dute ezker abertzaleko kideek. Are gehiago, "inolako parte hartze eta argitasunik gabe, bere proiektua auzokideen borondatearen gainetik aurrera eraman nahi izatea" leporatu diote Udalari, euren hitzetan, beste auzo batzuetan errepikatuko den Lantzarteko jokabidearen harira. Argazkian, Berangon 589 etxebizitza huts daudela salatu zuten orain urte eta erdi Berangoko gazteek / Berangon bizi.

Berangoko hirigintza hazkundea kudeatuko duen HAPO onartzeak "erremediorik gabeko ondorioak" ekarriko lituzke, ezker abertzalearen ustez, "ez duelako herriaren garapen jasangarria eta naturala bilatzen". Tokiko independentistek aipatu dutenez, 2000 etxebizitza baino gehiago eraikitzea aurreikusten dute (egun 2598 daude), "herria guztiz itxuraldatuz", biztanleria bikoiztuz eta Landaida, Mimenaga eta Santa Anako auzoetan, besteak beste, "kalte latzak" sortaraziz. Etxebizitza berri hauen gehiengoak libreak eta tasatuak izango ei dira, hots, "gazteriaren gehiengoarentzat eskuraezinak". "Udalaren lehentasuna ez da, beraz, gazteei etxebizitza eskubidea bermatzea, euren interes espekulatiboak asetzea baizik. HAPOk berak Berangon 400 etxebizitza huts baino gehiago daudela onartzen duen arren (eraikinen %16a), ez du inolako neurririk hartzen horren inguruan. Planak ez du alokairu soziala bultzatzen, Udalak horretarako bideak dituen arren", salatu du Berangoko ezker abertzaleak.

Herri bizi eta parte hartzailea

Euren ustez, HAPOk “lo egiteko herriaren eredua” indartzen du Berangon, "urbanizazio berriekin baina inolako zerbitzu berririk gabe". Horren aurrean, "herri bizi eta parte hartzailea" aldarrikatzen dute, berangoztar guztientzako topaguneekin. "Planak ez du aurreikusten nagusientzako eguneko zentroak edo nagusien etxeak sortzea. Gazteriari, bere aldetik, autogestioan oinarritutako lokalak sortzeko aukera ukatzen zaio, askotan aldarrikatu duten arren", kritikatu dutenez. Bestalde, nahiz eta Berangoko dendari txikien kopurua gero eta urriagoa izan, "HAPOk ez du herriaren jarduera ekonomikoa sustatzen", tokiko independentisten iritziz. Bestetik, herriko industrialdeak egungo gainbeherari aurre egiteko berebiziko esku hartzea beharko luke, "eta horretarako ezinbestekoa da erreforma plan bat sortzea".

Ingurumenari dagokionez, HAPOk "kalte handiak" ekarriko lituzke, ezker abertzalearen ustez, "Uribe Kostako korridorearekin lotura berriak sortu nahi dituelako, gure herriko basoei gaitz latzak eragin, Berangoko nekazaritza jarduera eskasa desagerrarazi..." "Gainera, Gobelako haranean (Mimenaga) etxebizitzak masiboki eraikitzeak uholdeetako arriskua nabarmen handituko luke", ohartarazi dutenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun