Umeentzako tailerrak, berbenak, karaokea, fanfarreak, arkume erreak eta partidaren emanaldirako pantaila erraldoiak dira Getxo udalerrian, datorren asteazkenean, hilaren 13an, Athletic eta Bartzelonak jokatuko duten Kopako finalaren harira Udalak antolatu dituen ekitaldi nagusiak. Imanol Landa alkateak gaur goizean eman du egitarau horren azken ukituen berri. Adierazi duenez (mp3), “bat ez etortzeko aitzakia gehiegi dituen gizarte honetan, ekimen honen bitartez, herritarren elkarbizitzarako, bat egiteko eta gozamenerako aukerak bilatu eta babestu nahi ditugula. Eta Athletic da aukera hori”. Ekimenok, gainera, "Getxo biziago eta dinamikoago bat egiteaz gain, udalerriko ostalaritza eta merkataritza sektorearen aldeko mezua zabaltzeko balioko du".
Egitaraua
“Getxo Athleticegaz” izena daraman ekitaldi programa 18:00etan abiatuko dute, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia eta Algortako Telletxe plazetan, Athletici eta Kopako finalari lotutako umeentzako hiru tailerrekin (makillajea, txapak eta marrazkiak). Tailerrok Getxoko bi fanfarrek girotuko dituzte: Areatxu eta Txopolis. 19:00etatik aurrera karaokea izango da, 20:00ak arte. Ordu horretan hasiko dira Hakker eta Lotxo taldeek eskainiko dituzten dantzaldiak, Romon eta Algortan, hurrenez hurren, 21:30ak bitartean.
Ordubete lehenago, 20:30ak aldera, arkume errazioen banatzea egingo da (800 bat herri bakoitzeko), errazioko euro bateko prezioan. Elorrioko Carlos Ibarrondo burruntzi maisuak prestatuko ditu 17:00etatik aurrera. Guztira, Bizkaiko Artzain Elkarteak emandako 48 arkume erreko dira. Aipatzekoa da arratsalde osoan zehar kolore zurigorriak eta Getxoren armarria duten hitzordu historikoari lotutako lepo-zapi eta baloiak banatuko dituztela herritarren artean. Azkenik, 22:00etatik aurrera, finala ikusi ahal izango da Udalak Santa Eugenian eta Telletxen ipiniko dituen 6x4 metroko neurria duten bi telebista pantaila erraldoietan.