Uholdeak ekiditeko hainbat egitasmo zehaztuta dauzkate jada Jaurlaritzak eta Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 7a, 19:32

Algortan eta Negurin uholdeak saihesteko presazko neurrien gaineko bi egitasmoak zehaztuta ditu jada Uraren Euskal Agentziak (URA), Imanol Landa alkate getxoztarrak eta Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak gaur aurreratu dutenez. Salsidu-Zubilletako proiektuaren aurrekontua 1.450.000 eurokoa izango da eta 450 metroko tartean uraren maila jaistea aurreikusten du, Salsiduko egungo zubia kendu eta estaldura handiagoko beste bat jarriz; eta Getxo I institutu aldean Gobela ibaiaren ezkerreko ertza jaitsiz. Lanen iraupena 6 hilabetekoa izango da. Etxezuri-Larrañazubiko obren aurrekontua, berriz, 4.637.000 eurokoa izango da eta 12 hilabeteko iraupena edukiko dute. Horietan, Leioako etorbideko eta Jolasetako zubiak ordezkatuko dituzte eta inguruan dauden udal futbol zelaietan eta saskibaloiaren zelaian jarduera batzuk egingo dituzte; baita ibaiaren ezker aldean ere, 1.050 metroko zatian. Hala ere, lan guzti horiek noiz hasiko diren ez du zehazterik izan Arregik: "URAk eman beharko du horren berri", aipatu duenez. Pasa den abenduan Esther Larrañaga Ingurumen sailburuak iragarritakoaren arabera, ekainean dira hastekoak. Behin proiektuok idatzita, argitara eman eta enkantean atera behar dituzte orain. Bitartean, Udal Saneamendu Planean aurreikusitako hainbat neurri badauzka zehaztuta Getxoko Udalak. Gaur arratsaldean bertan, Gobernu Taldeko kideek, oposizioko alderdietako ordezkariek eta uholdeek kaltetutako auzokideen elkarteek osatutako Uholdetako Batzorde Berezia batzartuko da, proiektu horiez guztiez aritzeko. Argazkian, urtarrilaren 27an izan ziren uholdeak.

Getxoko Gobernu Taldeak babestutako Udal Saneamendu Planak 4 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du, uholdeak jasateko arrisku gehien duten udalerriko aldeetako estolderia hobetzeko asmoz. Imanol Landa alkateak eta Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak horren jarduera nagusiak aurkeztu dituzte gaur goizean. Horiek aipatutako "arazoa behin betiko konpondu ahal izateko neurri eraginkorretarako prozesua zabalik mantentzea ahalbideratuko dute", adierazi dutenez. Ildo horretan, Landak nabarmendu du “neurriek duten helburu bakarra Getxon uholde arriskua iraganeko gauza izatea lortzea da. Horregatik, Eusko Jaurlaritzarekin batera, arazoa konpontzeko ikuspegi teknikotik eta antolakuntza aldetik esfortzu handia egiten ari gara ahalik eta epe laburrenean behin betiko konponbidea emateko, gure auzokideen lasaitasunerako eta segurtasunerako”.

Aurreikusitako jarduerak

Udal Planak aurreikusten dituen jarduerei dagokienez, lehenengoak Itzubaltzeta / Romon eta Ereagan eramango dituzte aurrera. Toki horietan kolektore nagusiak berrituko dituzte eta horretarako lanak lehiaketa fasean daude jada, aurrekontua 2.000.000 eurokoa izango dela. Baliteke obrak irailean hastea, Arregiren arabera. Neguriko Makaleta-Elkano-Akazia alderako proiektua uztailerako egongo da amaituta, udal iturrien arabera, eta bere aurrekontua 550.000 eurokoa izango da. Akazia aldean udal sarea Uren Partzuergoko kolektorearekin lotzeko lanak ere egingo dituzte. Proiektu hori irailerako egon liteke bukatuta eta obrak bospasei hilabetera hasi. Bestalde, urrian Goi eta Behe Maidaganeko estolderia hobetzeko proiektuak ere itxita egongo omen dira, metroa lurperatzeko egiten ari diren lanekin batera izango den jardueran. Aurrekontua 945.000 eurokoa izango da. Urrirako ere amaituta egongo litzateke Aldapa auzoan Ollarretxe eta Sarrikobasoko arrokorako proiektua.

Joseba Arregi Hirigintzako zinegotziak azaldu duenez, “Ibaiaren bide osoa dago aztertuta, Getxotik Baldeseko isurbideraino, eta lan egingo dugu bere osotasunean, hau da, Maidaganeko goi eta beheko arroan garajeak eta lokalak urez bete ez daitezen; Romon eta Ereagan; Ollarretxe aldean sare osoan neurriak hartzen eta Partzuergoaren kolektoreekiko loturak hobetzen".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun