LABek aipatu duenez, "hau ez da kontu berria Leioan". Euren hitzetan, "Udalak izugarrizko diru kopurua gastatu du Kultur Leioa bezalako eraikinetan eta gero herriko elkarteak arrazoi ekonomikoengatik, ez daukatelako batzar aretoak ordaintzeko beste dirurik edo politikoengatik, EAJk horrela erabakita kale gorrian daude". Ildo horretan, Eneko Arruebarrena alkateak eta bere alderdiak "krisiaren arrazoiez, ondorioez eta are gutxiago arduradunez hitz egitea" gustuko ez dutelakoan daude lan erakunde abertzalearen tokiko ordezkariak. "Eurak dira azken urteetan langileen izerdiari esker aberastu direnak eta une honetan enpresariei inolako bueltarik gabe guztion dirua oparitzen ari direnak. Bost axola zaie langabezia, lanpostuetan langileak hiltzen egotea, jendeak hipotekak ordaindu ezin dituelako etxerik gabe geratzea", salatu dutenez. Jarrera horren "adibide garbitzat" jo du Leioako udaletxeko LABek, maiatzaren 21ean, krisi egoera salatzeko Euskal Herriko sindikatuen gehiengoak greba orokorra deituta daukan egunean bertan, Umore Azokari hasiera eman nahi izatea. Hori dela eta, "geure aurpegira zuzenean barre egin nahi izatea" egotzi diote EAJk eta Ezker Batuak osatzen duten Udal Gobernuari.
Egoera iluna
LABen arabera, "Leioan, gainontzeko herrietan bezala, langabezia gero eta altuagoa da, bi langile hil dira azken hilean lan istripuz, jendea kalean geratzen ari da bankuek hipotekarik eman nahi ez dutelako eta Vicrilako langileen egoera gero eta ilunagoa da… zer esan denda txiki eta tabernena". "Egoera honek ez dauka graziarik eta alkateak gustuko izan edo ez hitzaldi, mobilizazio eta grebaren bitartez guzti hau gainditzen lagunduko duen aldaketa politiko eta sozial baten alde lanean jarraituko dugu", udal agintariari ohartarazi diotenez.