Bertsolarien ostean, PATeko kideek, munduko errepresaliatuak gogoan, euskal preso politikoek espetxeetan bizi duten egoera latza salatu eta elkartasunaren beharra aldarrikatu dute. Ondoren, kulturarteko herri bazkaria egin dute Bilboko Errondabide elkartean eta bazkalostea Jabi bakarlariaren doinuen pean egin dute. 19:30etik aurrera, kontzertuarekin amaituko dituzte jardunaldiak. 7 Katun izango da hori, Dale ke Aun Respira Uribe Kostako taldearekin eta Itziarren Semeak bandarekin.
Atzo, berriz, Leioa eta Erandioko campusean, Irlandako gatazkari buruzko ekimenen artean, oraindik Hego Euskal Herrian estreinatu ez den "Hunger" pelikula izan zuten ikusgai. Filma irlandar preso politiko gose-grebalariei buruzkoa da eta ingelesez badago ere, euskarazko azpitituluak ditu.
Nazioarteko Gatazka eta Errepresaliatu Politikoei buruzko Jardunaldiei amaiera ematen ari zaizkie gaurkoan, dozenaka unibertsitario parte hartzen ari dela. Goizean, Leioa eta Erandioko campusean abiatu dute gaurko jardunaldia, 10:00etan. Campuseko kafetegian bildu dira zenbait ikasle, Palestina, Sahara eta Kurdistani buruzko erakusketaren panelek sortutako jakinminaren harira. Hiru ordu laurden beranduago, "Preso politikoak XXI. mendean" mahai-inguruari ekin diote Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Bertan, Mohamed Ahmed Laabeid Saharako Afrapedesa erakundeko kidea, Aurora Lago Kurduen Dokumentazio Ikerkuntzarako Zentroko kidea, Martxelo Diaz "Gara"ko kazetaria eta Palestinako gatazkan aditua eta Mitxel Sarasketa euskal preso politiko izandako getxoztarrak gatazka ezberdinen berri eta bakoitzean izandako errepresioaren lekukotasunak eman dituzte. Antolatzailea den Presoen Aldeko Taldeak azaldu duenez, "diferentzia puntualen gainetik, kasu gehienetan ere errepresioaren aldetik egoera antzekoa munduko herri askotan bizi dela argi geratu da". Nazioarteko foroen "eraginkortasun eza" salatu dute hizlariek, horregatik, PATen arabera, "herritik borrokatzeko beharra ezinbestekoa dela ondorioztatu da. Elkartasuna ezabatu nahi dute kaleetatik eta horri aurre egin behar zaio herriari informazio guztia helaraziz eta presio soziala indartuz". Ondoren, 50 lagunek elkarretaratzea eta