Apirilean hainbat lapurreta izan dira Sopelan. Alde batetik, adineko jendeari indarrez tira eginda lapurtu diote kalean eta, bestetik, lapurretak izan dira ibilgailuetan, udal iturriek aipatu dutenez. Zehazki, apirilaren 23tik 25ra bitartean, 13 salaketa hartu zituen Sopelako Udaltzaingoak, ibilgailuetan egindako lapurretak direla-eta. Horiek burutzeko erabilitako sistema beira apurtu eta barrualdeko zenbait objektu ostea izan zen, hala nola, GPSa edo eguzkitako betaurrekoak, besteak beste, azaldu dutenez. Beharrezkoak ziren ikerketak egin ostean, ostutako hainbat objektu aurkitu zituzten txalet bateko lorategian. Ustezko gaizkilearen objektu pertsonalak ere aurkitu zituzten bertan, lapurtutakoekin batera, tokiko polizia arduradunek diotenez. Aurkikuntza egindako unean, apirilaren 25ean, ustezko delitu egileak, O.M.O. izeneko 21 urteko gazteak, epaiketa eskakizunak zituela baieztatu zuten. Ondorioz, epaitegira eraman zuten. Halaber, pertsona horrek aurrekari penal ugari zituela eta, Ertzaintzak eta zonaldeko udaltzaingoek sarri atxilotu izan dutela baieztatu zuen. Besteak beste, apirilaren 27an, Leioako taberna batean lapurreta egitea egotzita atxilotu zuten.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!