Zigor Goikoetxea askatzearen aldeko aldarria sare sozialetara heldu da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 8a, 15:18

Facebook sare sozialeraino iritsi da dagoeneko Zigor Goikoetxea Azkorriko presoa askatzeko aldarrikapena. Pasa den astean, webgune horretan sortu zen "Libertad para Zigor Goikoetxea! Freedom! Askatu!" izeneko taldea. Egun gutxitan, Uribe Kostako eta Herrialde Katalanetako 100 lagunek baino gehiagok eman diote bere atxikimendua Azkorriko lagunari. Goikoetxea iazko abuztuaren 25ean atxilotu zuten, Marisa Arrue Getxoko PPren zinegotziak bere aurka egindako salaketaren ondorioz. Bertan, abuztuaren 10eko San Lorentzo azokan, Zigor Goikoetxeak heriotz mehatxuak egin zizkiola zioen popularrak. Salaketa, baina, ez zuen egun berean aurkeztu, handik egun batzuetara baizik, ustezko mehatxu-egilea Goikoetxea zela "gogoratu" zuenean. Bere hitzaz aparte Arruek beste frogarik ez badu aurkeztu ere, Goikoetxea atxilotu zuten bere "egoera pertsonala" zela eta. Tartean, Arkaitz Goikoetxea ETAko kideren anaia zela kontuan hartuta. Minbizia izan arren, Goikoetxeari baldintzapeko askatasuna ukatu zioten eta, besteak beste, abenduaren 2an konorte barik topatu zuten kartzelan. Era berean, hainbat espetxe ezagutu ditu ia 9 hilabete hauetan. Urtarrilean atzeratu ostean, pasa den apirilaren 14an epaitu zuten, Fiskaltzak, PPk eta Arruek sei urteko espetxe zigorra eskatzen diotela. Goikoetxeak hasieratik gezurtatu zuen Arrueren salaketa eta popularrak bere hitza du froga bakarra. Argazkian, urtarrilaren 20an Zigor Goikoetxearen askatasuna aldarrikatzeko Algortan egindako kontzentrazioa.

"Libertad para Zigor Goikoetxea! Freedom! Askatu!" taldeko kideek Facebooken espainolez zabaldutako bertsioaren arabera, "Zigor Goikoetxea euskal preso politikoak espetxean darrai, nahiz eta Zigorrek Marisa Arrue Getxoko PPren zinegotzia mehatxatu zuenik ukatu zuten Getxoko Udaltzaingoaren agenteek, lekuko gisa deklaratu zutenak. (...) Lekukorik gabe eta bere testigantza froga bakartzat, Marisa Arrue Zigor espetxean sei urte ematea saiatzen dabil (...).

Era berean, taldeak Goikoetxearen aurka darabilten "jazarpena" salatu du: "lekukoen aldeko testigantzarik lortu gabe, Marisa Arrueren salaketak gero eta hauskorragoak eta defendagaitzak dira. Horrela izan da ere, fiskalak Zigor Goikoetxearen aurkako sei urteko espetxe zigor eskaera mantendu zuen. Jazarpen politiko baten froga argia. Gainera, Zigorrek iraindu izan balu ere, norbait iraintzea edo zer edo zer esateagatik sei urtez bidaltzea gehiegikeria da".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun