Urdulizen urteetan jarrita egon diren bertako preso politikoen argazkiak kendu zituzten asteazken gauean, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez. Azken aldian holako "eraso" ugari ematen ari da.
Berangon eta
Algortan ere kendu zituzten Etxeratek sakabanaketa salatzeko antolatutako Ekimen Ibiltariaren harian. Arrasaten, Zaldibian, Donostian… eta leku askotan ari izan dira horrela. Donostian etxeko leihoan jarrita zutenen etxera joan zen Ertzaintza goizeko lauetan argazkiak kentzeko agintzera. Beste herri batzuetan, taberna barruetan kentzera ere joan dira. "Presoen argazkiak kaleetatik kentzeak helburu errepresibo argia du: presoen izaera politikoa ezabatu nahi dute, auzi politikorik ez dagoela esan eta, horretara, konponbide politikoren beharra ukatzeko", AAMk salatu duenez. Hiru dira gaur egun preso dauden urduliztarrak: Andoni Muñoz de Viar, Gorka Martinez eta Iñaki Bilbao. Argazkian, Ertzaintzak azken ostiraleko elkarretaratzean bildutako guztiak
grabatu zituen Algortan /
Etengabe.